Zubietako Txerri Festako bazkaritarako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 13a, 08:00

Asteazkenean izan genuen San Martin Eguna. Iraganean egun seinalatua, etxe eta baserri askotan; txerria hiltzeko jai eguna izaten baitzen. Usadio zahar hau galtzen joan den honetan, ohitura hau gogorarazi, berreskuratu eta jendarteratu asmo du Zubieta Pilota Elkarteak azaroaren 22rako antolatu duen Txerriaren Festan.

“Jendeak jada ahaztua du zer den txerriaren hilketa. Berreskuratu nahi dugu, horren inguruan festatxo bat egin”, antolatzaileen esanetan. Tradizio zahar bati lotua egongo den jaialdian, txerria hil ondorengo prozesua gertutik ezagutzeko aukera egongo da.

Animalia honetatik eratortzen diren jakiak prestatuko dituzte, nahi duenak bertaratu eta pintxoetan dasta ditzan. Jan edan gehiago izango da, eguerdian frontoian ospatuko den herri bazkarian. Txartelak aurrez izango dira salgai ohiko tokietan.

Honez gain, hainbat artisau postu ere jarriko dituzte. Izen propio bat tartean; Ordiziako Gazta Lehiaketako txapeldun izan den Ricardo Remiro. Artisau ezaguna, Zubietarekin ere lotura estua duena. “Gaztetan bere aita Zubietako baserri batera etorri zen. Urtebetez gutxienez bai, Zubietako eskolan ibili zen”, pilota elkartetik adierazi digutenez. Azaroaren 22an itzuliko da.

Elkartea laguntzeko festa

Herritarrak Zubietako Txerriaren Festara gerturatzera animatzen dituzte. Ekitaldietan parte hartu, eta bide batez, Zubieta Pilota Elkartea laguntzera. Elkartasun jaialdia ere izango baita hurrengo astekoa, aipatu kirol bilgunea laguntzeko hain zuzen. “Klub guztiek dituzte beharrak. Une honetan material pixka bat eskuratzea, ondo etorriko litzaiguke”, elkartetik diotenez.

Gaur egun dozena bat pilotari dituzte junior handietan, beste dozena bat gazte eta umeetan. Ipar nahiz Hego Euskal Herrian antolatzen diren errebote eta joko-garbi txapelketetan parte hartu ohi dute. Zubietakoa, halako kirol jarduerak sustatzen dituen elkarte bakarra dugu Hegoaldean, Oiartzun eta Villabonarekin batera. Zaindu beharreko ondarea beraz. “Batez ere errebotea harribitxi bat dugu. Ez da kirol jarduera soil bat, mantendu beharreko kultur ondarea baizik”, azpimarratzen dutenez.

Azaroaren 22ko festa, elkarteko lanketa plazaratzeko ere baliatuko dute; gazteen arteko Joko Garbi neurketak iragarri dituzte.

Azaroak 22, igandea

Txerriaren Festa Zubietan, Zubieta Pilota Elkartearen alde:

Goizean zehar, postuak: gazta egilea, pilota egilea, larruz eginiko lanak, sagardo egitea...

10:00 Txerri-hilketa ondorengo lanen erakusketa.

10:15 Txistorra, odolki eta saltxitxen ekoizpena. Ondoren, pintxoak salduko dira.

12:00 Gaztetxoen arteko Joko Garbiko partidak frontoian.

14:00 Bazkaria frontoian. Menua: Eusko Label Tolosako babarrunak eta Ibarlur Ibarrako piparrak, Lumagorri oilaskoak, gazta, kafea eta kopa. Txartelak aurrez salgai azaroaren 19ra arte, Alamandegin eta Barazarren. 20 eurotan helduenak, 10 eurotan 14 urtera artekoenak.

Bazkalostean, kantuan arituko gara.

Antolatzailea: Zubieta Pilota Elkartea.