6,5 hektarea erre ziren, Andatzako sutean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 13a, 13:20

Igandetik astelehenera Andatzako Puelazar inguruan izandako suteak eragindako kalteen balorazioa plazaratu berri du Usurbilgo Udalak. Guztira, 6,5 hektarea erre ziren. Horietatik kiskalitako 5,5 hektarea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak diren lur publikoak ditugu. Sua zerk eragin zuen oraindik argitzeke segitzen du, nahiz Udaletik jakitera eman dutenez, "ikerketak aurrera jarraitzen duen".

Udaletik eskerrak eman nahi dizkiete, "sua itzaltzeko lanetan aritu ziren Usurbilgo erreteneko kideei, Usurbilgo Udal Brigadako langileei, Errenteria eta Hondarribiako erretenei, basozainari eta, baita, bertaratu ziren suhiltzaileei ere".

Berpizturiko sua

Andatzako sua piztu zenetik gaiaren gertuko jarraipena egin du Usurbilgo Udalak. "Igandean izan zuen Usurbilgo Udalak Andatza mendiko Puelazar inguruan piztutako suaren berri. Jakinarazpena jaso bezain azkar, sutearen eremura bertaratu ziren mendietako erretena eta Udalaren ordezkari gisara, Xabier Arregi alkate eta Joxe Mari Iribar Ingurumen eta Nekazaritza zinegotzia", prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez.

Igandean piztutako sutea itzaltzeko mendi protokoloa martxan jarri behar izan zuten. "Lehen unean, sua itzaltzeko lanetan mendiko erretena aritu zen, suhiltzaileak ere bertaratu zirelarik. Sutearen ezaugarriak eta kokapena ikusita, mendi protokoloa martxan jarri zuten eta erretenak sua itzaltzeko lanetan jarraitu zuen basozainaren koordinaziopean. Igandean, arratsaldeko 19:00etan, sua itzalita eta perimetroa bustita utzi zuten hauek, protokoloak adierazten duen bezala", Udaletik adierazi dutenez.

Sutea itzali arren, basozainak eremua zaintzen segin zuen. "Igande gauean berriz aktibatu zen sua, eta basozainak erretena berriz biltzeko jakinarazpena luzatu zuen. Sua kontrolpean ez zegoela ikusita, astelehen goizean Errenteria eta Hondarribiako erretenak eta Usurbilgo Udal Brigada ere gehitu zitzaizkion Usurbilgo erretenari", berri eman du Udalak.

Astelehen arratsalderako itzalia zuten sutea, baina zaintza lanek segi dute gerora, "basozaina zainketa lanak egiten aritu zen berriro".