Erraustegiaren aurkako manifestazioa, larunbatean Lasarten

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 18a, 12:14

Lasarten osatu berri duten Aire Garbia herri plataformak erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du larunbaterako, azaroaren 21erako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Okendo plazatik, antolatzaileek asteburuan egin zuten agerraldian zehaztu zutenez. Besteak beste, lasartear, zubietar eta usurbildarrak gerturatu ziren prentsaurrekora eta "Errausketarik ez, ez lehen eta ez orain" leloaren bueltan bildu ziren guztiak. Iragarri zuten mobilizazioan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. Agerraldian hala zioten:

"Teresategi parean isuri nahi dute Aldundiko agintariek hodeitzarra, hodei iluna, hodei furano eta dioxinaduna. Hodeia baino gehiago, berpiztu nahi duten hildako mamua. Mamu ez merkea, bai garesti askoa. Garestia dirutan orain, garestiago gaitz eta gaixotasunetan geroan. Teresategiko pinutegiaren parean, ibaiaren beste aldean, zaurituta daukate mendia mamuari habia egiteko. Aire Garbiak Teresategiko arbolak ditu bere ikurraren iturri eta birika. Birika putz egin, eta hodeitza furano eta dioxinaduna ezabatzeko.

Birika, emakume, gizon eta umeei dei eta dei egiteko. Orain, etxetik atera eta kaleratzeko. Kaleak betetzeko, grinak ahalegin bilakatzeko, eta etsipenak amets. Etxetik atera eta datorren azaroaren 21ean kaleratzeko, erraustegiaren kontra manifestazioa egiteko arratsaldeko 17:00etan, Lasarteko Okendo plazatik abiatuta. Teresategiko pinutegia nahi baitugu, bai inguruko herritargoentzat bai mundukoentzat. Lasarte-Oriako baliza. Eta ez hodeitzar furano diaxonidun ilun hori. Hala bedi, geldi daitekeelako".