Gazteen mugimendua berreraikitzen hasteko, Gazte Eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 16a, 10:40

Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta gazte mugimendua berreraiki asmoz, Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako Usurbilen. Egun osoko festa iragarri dute. “Gazte Eguna sortu da, batez ere ikusten genuelako gazteok ez ginela batera ibiltzen, kalean ere gazteon mugimenduaren presentziarik ez dagoelako”, antolatzaileen esanetan.

25 bat gazte bildu dira antolaketa lanetarako, 16-18 urte artekoak gehienak. Gazte berri asko tartean. Egitaraua iragartzeko kartelak dioen moduan “gazteria berpizten” ari dela diote, “eta hori oso positiboa da. Motibazio asko dago gazteengan. Jendea gogoz ikusten da bai Gazte Egunerako, bai aurrera begira zerbait egiten hasteko ere”.

Ez baitute abiatu duten dinamika Gazte Egunera mugatu nahi. Larunbateko ekitaldiak antolatzeko egindako lehen bileran egon ziren iritzien elkartrukean, “denok bat egin genuen, gazteen arteko harremanak sendotzeko mugimendu bat falta dela adieraztean”. Horregatik antolatu dute Gazte Eguna, mugimendu berreraikitzeko abiapuntu izateko eta herrian “guretzat eskaintza” izateko. “Ez badago eskaintzarik, lokalismoan erortzen gara, koadrila eta inkomunikazio egoeretan. Horregatik, goazen gazteok elkartu eta gazte orori begirako ekimenak egitera, mugimendu bat egon dadin”, antolatzaileen esanetan.

Festa egun betea

Aisialdia eta formazioa uztartuko dituzte larunbateko ekitaldiek. Jolasak goizean, eta gazteek ikusten dituzten arazoak jorratuko dituzten tailerrak arratsaldean, hezkuntzari loturiko hitzaldiarekin batera. Bazkalosteko ekimen hauekin egokituko da, Lasarten erraustegiaren aurka antolatu duten manifestazioa. Antolatzaileek bat egiten dute, azaroaren 21eko mobilizazioarekin.

Gazte Eguna, parranda giroan borobilduko dute. “Animatu, lotsa eta mugak alboratu eta parte hartu, ondo pasako dugu eta. Egun zoragarria izango da. Denon artean harremanak sendotu eta parranda on bat egiteko eguna izango da!”, antolatzaileen esanetan. Gogotsu dira, eta giro ederra izango dela iragarri digute. Gazte sentitzen den herritar oro animatzen dute larunbateko hitzorduetara eta hitzordurako atera duten zapia erostera.

Azaroak 21, larunbata

11:00 Jolasak frontoian.

16:30 Gazte tailerrak Potxoenean.

Ondoren, hitzaldia: "LOMCE-EU 2015".

Jarraian, frontoiko txosnaren irekiera eta Elektrotxufla elektrotxaranga.

21:00 Gazte afaria frontoian. Txartelak salgai 10 eurotan asteazkenera arte, Aitzaga eta Irrati tabernetan. Zapiak ere salgai taberna hauetan eta Gazte Egunean, frontoian egongo den txosnan.

23:30 Kontzertuak frontoian: Kezka, Emon eta Erokomeri.

Antolatzaileak: Usurbilgo gazteak.