Larunbateko erraustegiaren aurkako manifestazioarekin bat egin du, Lasarte-Usurbilgo LAB-ek

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 18a, 12:45

Larunbat arratsaldeko 17:00etan Lasarteko Okendo plazatik erraustegiaren aurka abiatuko den manifestazioarekin bat egin du asteazken goiz honetan, Lasarte-Usurbilgo LAB sindikatuak. Eta honenbestez, “EAJ eta PSOE-k gidatzen duten Aldundiak, Zubietan kokatuko den errauskailuaren proiektua berreskuratzearen aurka gaudela adierazi nahi dugu”.

Bi alderdion inposaketa baten aurrean gaudela salatu dute sindikatuko ordezkariek, Zubietako errebote plazan egin duten agerraldian. LAB-ekoen esanetan, beharrezkoa ez den inposaketa baten aurrean. Gogorarazi dutenez, usurbildarrek eta lasartearrek ezezkoa emana diote erraustegia eraikitzeko proiektuari, “aurkeztu zen momentutik”. Aurkakotasun honez gain, “errauskailua ez dela beharrezkoa frogatua geratu da. Hondakinen bestelako kudeaketa bat egin liteke, merkeagoa, jasangarriagoa, ingurugiroarekin errespetuz jokatuko duena eta pertsonen osasunerako kaltegarria izango ez dena”.

"Bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi"

Bertan behera utzia zegoen proiektua berreskuratzeak sekulako gain-kostua suposatuko duela ere ohartarazten dute, “berriz ere lurraldea makro proiektuen bidera gidatuz. Eraikuntza enpresa handien eta erakunde finantzarioen mesedetan eta beti ere gizarteak dituen bestelako beharren kalterako. Martxan dira gizarte babeserako politiken murrizketak”, ohartarazi dute.

Erraustegia, herritarrentzat gain-kostua eta osasunerako kaltegarria dela ere gogorarazi digute, "horregatik lotsagarria iruditzen zaigu Lasarte-Oriako EAJ-ko zinegotzi batek errauskailuaren eragina Donostiako su-festen eraginarekin alderatu izana”, gaineratu dute.

Jarreron aurrean, hainbatetan baliatu izan den esaldia hartu dute ahotan, “Burua ondo daukanak ez du etxe ondoan nahi, bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi”, adierazi dute.