Matrakak, A25-era begira: "Hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago"

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 18a, 10:00

Mobilizazio, film proiekzio, kontzertu eta jardunaldiak antolatu dira Usurbilen, badatorren azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunari begira. Matrakak Usurbilgo Talde Feministak helarazi digun egitarautik haratago, egun bakarrean ez, egunerokoan hitzetatik ekintzetara pasatu beharraz mintzatu dira, NOAUA!ri eskaini dioten elkarrizketan.

"Guztiok dakigun bezala, azaroaren 25a indarkeria sexistaren aurkako eguna da. Zer nabarmendu nahiko genukeen? Ongi dagoela egun bat izatea, urtean behin. Egun bat non politikariek euren kontzientzia garbitzeko hitz politak esango dituzten, egun bat non hedabideek puntu morea jarriko duten telebistako pantailetan. Eta datozen 364 egunetan zer? Hitzak haizeak daramatza eta, beste behin ere, hau argi geratzen da, izan ere, agenda politikoetan lehentasunik ez du egiturazko zapalkuntza honi errotik aurre egiteak, bigarren mailako kontua da, beti. Hedabideetan ere eguneroko ogia dugu erailketa matxista baten, bortxaketa baten ala, oro har, eraso sexista baten berri ematerakoan morboari uko ezin egitea. Jarrerok ez dute indarkeria sexistaren aurka egiten. Hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago", gogorarazi digute Matrakek.

Ikus egunoetarako prestatu duten egitarau osoa:

Azaroak 20, ostirala

18:00 Jardunaldia: "Eztabaida feministarako Zapatismoaren ekarpenak: bizitza osoa indarkeriaren kontra borrokan".

Hizlariak: Cecilia Santiago (Chiapas, Mexiko), Idoia Arraiza (Bilgune Feminista), Cony Carranza Castro ("Mujeres del Mundo"), Kattalin Miner (Medeak).

Informazio gehiago: lumaltik.org

Elkarlanean: Matrakak, Lumaltik Herriak, Medeak, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia.

22:00 Mor More taldearen kontzertua Aitzagan: "Giro akustikoak lantzen dituen banda zarauztarra da honakoa. Bi gitarra, perkusioa eta ahots goxoak dira hirukoaren ezaugarriak".

Azaroak 22, igandea

13:00ak aldera, "Matxismoak eraildako emakumeen urratsak" oroitzapen ekitaldia Irazu kalean. "Aurten Euskal Herrian izandako erailketa matxistak ekarriko ditugu gogora".

18:00 "Te doy mis ojos" (2003) film proiekzioa Sutegin.

"Neguko gau batean, Pilarrek ihes egiten du bere etxetik. Lau gauza daramatza eta bere seme Juan. Antoniorengandik, tratu txarrak ematen dizkion eta 9 urtez berarekin ezkonduta daramatzan senarrarengandik ihesi doa. Antoniok ez du itxaroten, bere bila doa".

Aktoreak: Laia Marull, Luis Tosar, Candela Peña.

Zuzendaria: Iciar Bollain.

Azaroak 25, asteazkena

19:00 Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna: elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Antolatzailea: Matrakak, Usurbilgo Talde Feminista.