Badator mende erdia bete duen Durangoko Azoka; abenduaren 4tik 8ra ospatuko da aurten. 5 egunotan, 249 erakustoki bisitatzeko aukera egongo da, 350 nobedade aurkeztuko dituzte eta denetariko 250 ekitaldi ospatuko dira.
50 urte betetzen dituen azokako kartela, gogoan izan, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak sorturikoa da. "Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, Azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere. Ez nuen espero horrelako eskari bat jasotzea, eta motibazio handiarekin egin dut", adierazia du Zumetak.
Kartela bizi duen momentuari lotua dagoela dio artista usurbildarrak. Baina era berean lan irekia dela dio. "Lan irekia da, eta bakoitzak bere erantzuna eman beharko dio... Pertsona bakoitzak bere modura ulertuko du. Nik uste lanek ez dutela erredundantzia gehiegirik behar, bakoitzak eman behar diola erantzuna...", Zumetaren esanetan.
Milaka euskal herritar erakartzen dituen ekimena iragartzeko kartela sortu du margolari usurbildarrak, baina antolatzaileek berri eman dutenez gainera, datorren azokan"Jose Luis Zumetaren lan bi erakusgai egongo dira San Agustinen eta bere lanaren inguruan egindako dokumentala proiektatuko da buklean".
Hotzikararen "II"
Etxekoek azokan aurkeztu ditzaketen lanez gain, antolatu duten kultur egitarau zabalaren baitan ere usurbildarrak topatuko ditugu abenduaren 4tik 8ra Durangora gerturatzen bagara. Batetik, Hotzikara musika taldeak agurtzear dugun urte honetan kaleratu duen "II" lana aurkeztuko du kontzertu bidez. "Hotzikara 2008-an sortu zen. Ahots guturalak eta kitarra indartsuak garrantzi handia dute gure musikan, baina badira indar berezia hartzen duten kanta instrumentalak ere, estilo aldetik zabaldu egiten gaituztenak. Azkenean, hori ere bagara. 2011n "Hotzikara" argitaratu eta honekin zoko askotan gau izerditsuak pasa ditugu. 2015ean "II" sortu da, estilo desberdinaz baina Hotzikara berdin sortuz!".
Alex Telloren antzezlana
Atea Teatro taldeak bestalde, "Ekoetikopatetikobikoa" antzezlana eskainiko du. Lan honen gidoilari eta zuzendaria usurbildarra dugu baita; Alex Tello. Otsailean, euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko sorturiko Donostiako Poltsiko Antzerkia programa irabazi zuen. Anabel Arraiza eta Jabier Rodil aktoreek parte hartzen dute antzezlan honetan.
Honela dio antzezlaneko sinopsiak: "Biki eta Viktor pisukideak dira eta lanik egiten ez dutenez, Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten die. Alokairu kontratua berritzearekin batera hasiko dira eztabaida eta saltsa".
H28 eta Tokikom
Hedabideei loturiko bi deialdi. Batetik, Joseba Larratxe usurbildarra kide duen proiektu baten inguruko ekitaldia antolatu da. "H28 internetetik doan banatzen den hilabetekari grafikoaren inguruko solasaldia eta berrikuntzen aurkezpena" iragarri dute. Eta amaitzeko, NOAUA! kide duen Tokikomek "tokiko hedabideen bateraguneak, duen estrategia digitalaren aurkezpena" egingo du datorren Durangoko Azokan.
Jakoba Errekondo
Liburuak sinatzen aurkitu dugu usurbildarrik baita. Arrakasta itzela izan duen Jakoba Errekondoren "Bizi baratzea - Garaian garaikoa garaiz eman eta hartu" lana tartean. "Euskal Herriko –batez ere euskal isurialde atlantikoko– ezaugarri berezietara egokitutako liburua da Bizi Baratzea. Modu atsegin eta ulerterrazean, baratzearen abenturan murgiltzeko grina daukatenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek, baita d
Ekitaldion agenda segidan:
Abenduak 5, larunbata
Ahotsenea, Zuzenekoak:
15:00-15:30 Hotzikara: "II"
Abenduak 6, igandea
Kabi@
18:30-19:30 "H28 hilabetekari satiriko digitala".
Szenatokia
13:00-13:15 Atea Teatroren "Ekoetikopatetikobikoa".
Abenduak 7, astelehena
Kabi@
18:00-18:30 Tokikom
Informazio gehiago: durangokoazoka.eus