"Azken eguzkilorea" antzezlana, larunbatean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 20a, 08:28

Antxomolantxa Elkarteak antolatuta, "Azken eguzkilorea" antzezlana larunbat arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Aginagako ludotekan. Ekitaldirako sarrera doan. “Ongi etorri baserriko Kattalin herrira jaitsi eta bere lagun guztiak desagertu direla ohartuko da. Herrian ez du gertatu denaz inongo erantzunik topatuko. Beraz, adorez bete eta Mari Jainkosari galdetzera abiatuko da, nahiz eta basoan betirako harrapatuta geratu daitekeela jakin.

Hemendik aurrera, Kattalin, mitologian murgilduko da haziko den azken eguzkilorea topatzeko. Bertan, Mari, Basajaun, Tartalo, Galtzagorriak eta Jentilak ezagutuko ditu. Baita Gaueko Beldurgarria ere. Patata Tropikalak Antzerki Laborategiak berriro beste abentura dibertigarri batean murgilduko gaitu. Bertan txotxongiloak, maskarak, antzerkia, umorea eta irudimena dantzan ikusiko ditugu. Euskal kulturaren adierazgarria den euskal mitologia landuz”.

Gabonetako Txokoetarako izen ematea irekita

Aisialdiko ekimen ugari etxeko txikienentzat urte amaiera honetan Aginagan. Zabalik dago jada, Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak eguberrietako oporraldirako antolatu dituen txokoetan izen emateko epea. Abenduaren 11 baino lehen apuntatu beharra dago, aginaga@eskolatxikiak.org helbidera idatzita. Prezioa, izen emandako haur kopuruaren arabera zehaztuko da.

Txokoen egutegia finkatua dute; abenduaren 21, 22, 23, 28, 29 eta 30ean izango dira, baita urtarrilaren 4an eta 5ean. Goizez eta lau orduz, 09:00etatik 13:00etara.

"Ondoko hilobiko tipoa" antzezlana, abenduaren 4an

"Zeinek esan… Neska pinpirina baserrian! Eta baserritar bat operan? Biak oraindik gazteak. Aiora: polita, gozoa eta alarguna. Pablo:  zekena, egoskorra eta ezkongabea. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa… Pablo. Maila sozial eta kultural ezberdinak aurrez aurre. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Ezinezkoa litzatekeena posible egingo duen istorio zoragarri honetako sua".

"Ondoko hilobiko tipoa" antzezlana Antxomolantxa Elkartekoen eskutik, abenduaren 4an, gaueko 22:00etatik aurrera, Aginagako Eliza Zaharrean. Sarrerak egunean bertan salgai, 5 eurotan. Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktore ezagunek hezurmamituko dituzte antzezlan honetako pertsonaia nagusiak. Begoña Bilbaok zuzendurikoa da, Txalo Produkzioak-en antzezlana.