Lasarten osatu berri duten Aire Garbia herri plataformak erraustegiaren aurkako manifestazioa deitu du larunbaterako, azaroaren 21erako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Okendo plazatik, antolatzaileek asteburuan egin zuten agerraldian zehaztu zutenez. Besteak beste, lasartear, zubietar eta usurbildarrak gerturatu ziren prentsaurrekora eta "Errausketarik ez, ez lehen eta ez orain" leloaren bueltan bildu ziren guztiak. Iragarri zuten mobilizazioan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak. Agerraldian hala zioten:
"Teresategi parean isuri nahi dute Aldundiko agintariek hodeitzarra, hodei iluna, hodei furano eta dioxinaduna. Hodeia baino gehiago, berpiztu nahi duten hildako mamua. Mamu ez merkea, bai garesti askoa. Garestia dirutan orain, garestiago gaitz eta gaixotasunetan geroan. Teresategiko pinutegiaren parean, ibaiaren beste aldean, zaurituta daukate mendia mamuari habia egiteko. Aire Garbiak Teresategiko arbolak ditu bere ikurraren iturri eta birika. Birika putz egin, eta hodeitza furano eta dioxinaduna ezabatzeko.
Birika, emakume, gizon eta umeei dei eta dei egiteko. Orain, etxetik atera eta kaleratzeko. Kaleak betetzeko, grinak ahalegin bilakatzeko, eta etsipenak amets. Etxetik atera eta datorren azaroaren 21ean kaleratzeko, erraustegiaren kontra manifestazioa egiteko arratsaldeko 17:00etan, Lasarteko Okendo plazatik abiatuta. Teresategiko pinutegia nahi baitugu, bai inguruko herritargoentzat bai mundukoentzat. Lasarte-Oriako baliza. Eta ez hodeitzar furano diaxonidun ilun hori. Hala bedi, geldi daitekeelako".
Errausketaren Aurkakako Plataformen Koordinadoraren atxikimendua
Ohar bidez, bat egin dute larunbateko manifestazioarekin. "Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak larunbatean, Aire Garbia taldeak antolatuta, Lasarte-Orian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu nahi du. Bertan elkartuko dira urteetan erraustegiaren aurka aritu diren pertsonekin batera, azken urte hauetan Gipuzkoa osoan murrizten eta birziklatzen saiatu diren lagun asko eta asko. Hauei esker gure etxeetako ia hondakin guztiek bizitza berri bat izan dezaketela frogatu da eta erraustegia, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria izatez gain, ez dela beharrezkoa. Koordinadorak gipuzkoarrak mobilizazioaren bidea eta gaikako bilketarena jarraitzera animatu nahi ditu, horrela gaur egungo Foru Aldundiaren asmo erraustzailei aurre egin eta Europatik datozen “Ekonomia zirkular”-ari buruzko arauak bete ahal izateko".
Manifestazioa, Gazte Eguneko egitarauan
Larunbaterako Usurbilen antolatu duten Gazte Egunak ere bat egin du mobilizazioarekin. Lasarteko manifestazioa, egitarauan txertatu eta bazkalosterako iragarriak zituzten mahai inguru eta tailerrak goizeko 11:00etara aurreratu dituzte. Ordu horretan, 11:00etan iragarriak zituzten jokoak berriz, manifestazio ostean, 19:00etarako antolatu duten kalejirarako utzi dituzte, sare sozialen bidez ohartarazi dutenez.
Lasarte-Usurbilgo LAB, manifestazioarekin bat eginik
Larunbat arratsaldeko 17:00etan Lasarteko Okendo plazatik erraustegiaren aurka abiatuko den manifestazioarekin bat egin du, Lasarte-Usurbilgo LAB sindikatuak. Eta honenbestez, “EAJ eta PSOE-k gidatzen duten Aldundiak, Zubietan kokatuko den errauskailuaren proiektua berreskuratzearen aurka gaudela adierazi nahi dugu”.
Bi alderdion inposaketa baten aurrean gaudela salatu dute sindikatuko ordezkariek. LAB-ekoen esanetan, beharrezkoa ez den inposaketa baten aurrean. Gogorarazi dutenez, usurbildarrek eta lasartearrek ezezkoa emana diote erraustegia eraikitzeko proiektuari, “aurkeztu zen momentutik”. Aurkakotasun honez gain, “errauskailua ez dela beharrezkoa frogatua geratu da. Hondakinen bestelako kudeaketa bat egin liteke, merkeagoa, jasangarriagoa, ingurugiroarekin errespetuz jokatuko duena eta pertsonen osasunerako kaltegarria izango ez dena”.
"Bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi"
Bertan behera utzia zegoen proiektua berreskuratzeak sekulako gain-kostua suposatuko duela ere ohartarazten dute, “berriz ere lurraldea makro proiektuen bidera gidatuz. Eraikuntza enpresa handien eta erakunde finantzarioen mesedetan eta beti ere gizarteak dituen bestelako beharren kalterako. Martxan dira gizarte babeserako politiken murrizketak”.
Erraustegia, herritarrentzat gain-kostua eta osasunerako kaltegarria dela ere gogorarazten digute, "horregatik lotsagarria iruditzen zaigu Lasarte-Oriako EAJ-ko zinegotzi batek errauskailuaren eragina Donostiako su-festen eraginarekin alderatu izana”.
Jarreron aurrean, hainbatetan baliatu izan den esaldia hartu dute ahotan, “Burua ondo daukanak ez du etxe ondoan nahi, bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi”.