Herritar Txartel berrirako 3 diseinu lanak aukeratu dituzte

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 23a, 10:00

2016an usurbildarrek esku artean izango duten Herritar Txartel berria prestatzeko lanak aurrerantz doaz. Gogoan izan, diseinua hautatzeko lehiaketa antolatu zuten. Azaroaren 6ra arte finkaturiko epearen baitan, 15 lan aurkeztu ziren. Epea itxita, lanok baloratzeko epaimahaia osatu zen.

Eta orain, hemen dator nobedadea, lehiara aurkezturiko 15 diseinu lan horietatik 3 hautatu dituztela berri eman digu, Usurbilgo Udaleko ordezkari batek, Hurbilago Elkarteko bi kideek, eta diseinu edo komunikazio munduan aritzen diren beste bi lagunek osaturiko epaimahaiak.

Laster jakingo duzue ze hiru lan diren azken fase honetara heldu direnak. Hiru proposamenon nondik norakoen berri emango duen eskuorri bat jasoko duzue abendu hasieran etxean. Saltokietan ere eskuragarri izango da. Eta Sutegin ere ikusgai izango dira lanok. Hor abiatuko da zuen egitekoa; hiru lan hauetako baten alde bozkatzeko aukera izango duzue. Horretarako bi aste izango dituzue. Eskuorria bera baliatu ahalko duzue lan onena hautatzeko; eskuorria, aldi berean bozka papera ere izango baita. Urtea amaitu baino lehen jakingo dugu herriak zer erabaki duen, eta honenbestez, Herritar Txartel berriak zer nolako itxura izango duen. Usurbildar gehienek hautaturiko diseinu lanaren egileak, 500 euroko saria jasoko du.