Heldu dira NOAUA!ra, Errigoraren elkartasun kanpainako produktu kaxak

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 23a, 14:55

Iritsi berri dira NOAUA!ra, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta tokiko produktuen salmenta laguntzeko Errigorakoen otarrak. Otarrok NOAUA!n bertan edo emailez eskatu dituzuenokin harremanetan jarriko gara. Halere, lerrook irakurtzen ari zaretenon artean, aipatu bideotatik produktu kaxaren bat eskatu duenik baldin bada, etor dadila NOAUA!ko egoitzara; astelehenetik ostiralera, goizez 10:00-14:00 artean edo arratsaldez, 16:00-19:00 artean. Otarrak jasotzera zatoztenean egin beharko da ordainketa. Gogoan izan, 50 euro balio dute. Produktuok etxeratuko dituzue:

Produktuak eta ekoizleak

-Ardo beltz botila (Azpea, Lezaun edo Mendiko).

-Litro erdiko oliba olio birjina estra botila (Bardea, Castillo de Ablitas, Ekolo edo La casa del aceite).

-Melokotoia almibarrean (Almanaque).

-Orburuak (Ebron edo Maria Jesus).

-Potxak (La Churta edo Maria Jesus).

-Kardua (Maria Jesus edo Pedro Luis).

-Mahats zukua (Ekolo).

-Almendrak (Ntra. Sra. del Rosario).

-Pikillo piper ontzi txikia (Iturri).

-Pikillo piper ontzi handia (El Escolar edo Meleta).

-Zainzuriak (Iturri).

-Melokotoi marmelada (Pedro Luis).

-Pikillo piper untapana (Almanaque).

3 proiektu lagunduko dira

Otarrok erosiz, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagunduko dugu. Hiru proiektuetara bideratuko da hain zuzen, jasotako laguntza guztiaren laurdena:

-Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera.

-Erriberako AEKra.

-D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara.

Nabarmen indartu den kanpaina

2012. urtean bi baino ez ziren, 5 urtebeteren buruan, 10 iaz eta aurten 15 guztira, Errigoraren elkartasun kanpainan parte hartzen ari den ekoizle kopurua. Ekimena nola hazi den erakusten duen datu esanguratsuetako bat dugu honakoa. Baina ez bakarra.

Duela hiru urte egitasmoa martxan jarri zenetik, 300.000 euroko laguntza bideratu da Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, milioi eta erditik gorako fluxu ekonomikoa eragin du euskal lurraldeen artean, 15.000 etxe inguruk bat egin dute kanpaina hauekin, 370.000 kontserba ontzi banatu dira eta 88.000 litro olio. Iaz 79 otar saldu ziren Usurbilen.

Informazio gehiago: errigora.eus