Egunotan Mendi Astea ospatuko duen Andatza M.K.T.-ko kideak datorren urterako irteeren egutegia lantzen hastekoak dira. Herritarren laguntzarekin antolatu nahi dituzte urte berriko txangoak. “2016ko mendi irteeren egitaraua prestatzen hasi behar dugu eta ibilbideak proposatzea eskertuko genuke. Buruan duzun mendi irteera hori aurkeztu ezazu ahal den xehetasun eta ezaugarriekin; krokisa edo mapa, ibilbidearen luzera, abiapuntua, amaiera tokia eta igarotzen diren lepo edo gailurrak, oso datu interesgarriak dira ibilaldia aurkezterakoan”, ohartarazi dute Andatzakoek.
Irteeraren bat proposatu nahi duenak, ekarpena egiteko hiru bide ditu: andatza@hotmail.com helbidera idatzita, proposamena Andatzakoen egoitzako postontzian utzita edota ostegun arratsaldeko 19:00etan, udaletxe ondoko garai bateko DYAko egoitzara gerturatuta. Astero bertan eta ordu horretan biltzen baitira mendizale taldekoak.
Hemen da Mendi Astea
Liburu aurkezpen, proiekzio, irteera eta bazkari baten bueltan ospatuko da Andatza M.K.T.-k aurtengorako antolatu duen Mendi Astea. Honatx prestatu dituzten ekitaldiak:
Azaroak 26, osteguna
19:30 Sutegin: “Nire barneko mendiak" liburuaren aurkezpena eta emanaldia.
Aurkezleak: Jose Mari Azpiazu (liburuaren egilea) eta Josu Bereziartua.
Zehaztasunak: "Liburu honek erreflexioak eta argazkiak bateratu ditu. Erreflexio samurrak, irakur errazak, gizatiarrak eta mundutiarrak Euskal Herriko mendikateetan ateratako argazki ikusgarriekin batera. Mendizaletasuna ulertzeko modu berri eta orijinala aurkezten digu liburuak, abentura eta ekintza behaketa eta barneko sentimenduen azaleratzearekin bat eginda. Esperientzia handiko alpinista eta idazlea den Jose Mari Azpiazuk liburu hau asmo bikoitzarekin jarri du gure esku: erreflexioei esker eguneroko estresa baretzekoarekin eta bizitzaren zailtasunen aurrean gogoa eta indarra piztekoarekin. Dosi txikietan irakurri ahal izateko zure gau-mahaiko liburua izateko sortua izan da. “Egunaren amaieran- idazleak hala dio sarreran- bat, bi edo hiru erreflexio irakurri eta argazki batzuk behatzeak modu erlaxatuagoan loak hartzen lagunduko dizu”.
Azaroak 27, ostirala
19:30 Sutegin: "Mendizale baten ametsa" emanaldia.
Aurkezlea: Asier Izagirre.
Zehaztasunak: "Himalaya eta Karakorumeko Daulaghiri, Manaslu, Kanchenjunga, Annapurna, Shisha Pagma eta Broad Peaken berak egindako zortzimilakoen igoeren irudi bilduma aurkeztuko digu eta izandako esperientziak azalduko dizkigu".
Azaroak 28, larunbata
8:00 Frontoi atzetik, mendi irteera Usurbilgo inguruetara.
Ondoren, bazkaria Patri jatetxean.
Zehaztasunak: bazkarira joateko izena aldez aurretik eman beharko da, ikus-entzunezko saioak programatu diren egunetan, Sutegin jarriko den mahaian.
Oharra: Sutegin burutuko diren ekitaldiak hasi aurretik, 2016ko federatu txartelak berritu eta asteburuko ibilaldirako izena emateko aukera izango da Sutegi kultur etxean bertan.
Informazio gehiago eta ondoko irudia: andatzamendizale.info web orrialdean.