Haizeagatik eta prezipitazio iraunkorragatik, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia iragarria zuen asteazken honetarako. Alerta maila igo dute ordea, zonalde honetarako. Alerta laranjan egongo gara gauerdira arte "prezipitazio iraunkorragatik. Gipuzkoa ekialdeko zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatuko dira gaur. Eguna amaitu bitartean Urumeako eta Oriako goi-arroko zenbait lekuan 40-60 l/m² pilatu daiteke".
Abisu horian jarraituko dugu baita, haizeagatik ostegun goizaldeko 6:00ak arte. Ordura arte, "haizeguneetan 12etatik 24etara ordu lokala. Ipar/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h orduko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, bereziki kostaldean".
Asteazkenerako iragarpena
"Gaurko egunaren ezaugarriak haize zakarra eta euria izango dira. Giro iluna eta benetan euritsua izango dugu; euria ia atsedenik gabe egingo du, bereziki ipar partean. Euri kantitate handiena ipar-ekialdean pilatuko da, bertan euria barra-barra egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea dezente harrotuko da eta traba egingo du, ufada indartsuenak kostaldetik gertu neurtuko ditugu. Tenperaturak gora egingo du eta giro epelagoa izango dugu, beroenak 10 eta 15 ºC artekoak izango direlako, baina ipar haize finarekin eta euriarekin igoera hori apenas nabarituko den.".
Ostegunerako iragarpena
"Euri kontuekin jarraituko dugun arren, asteazkenean baino askoz gutxiago pilatuko da eta gainera egunak aurrera egin ahala atertuz joango da, bereziki barnealdean. Goiz partean haizeak oraindik zakar joko du baina arratsaldeak aurrera egin ahala ahulduz joango da. Tenperatura maximoak asteazkenekoak baino gradu 1 edo 2 baxuagoak izango dira.".
Informazio eguneratua: euskalmet.net