Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna gaur, elkarretaratzea 19:00etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 02:33

Asteazken arratsaldeko 19:00etan herritarrak frontoira gerturatzera deitzen ditu Matrakak, Usurbilgo Talde Feministak. Elkarretaratzea deitu du, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egun honetarako. Mobilizazioak, azken egunotako ekimenak borobilduko ditu.

“Hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago”

Hemen da beste behin, eraso sexisten aurkako eguna, emakumeen aurkako indarkeria salatuko duen azaroaren 25a. Matrakak Usurbilgo Talde Feministak hainbat ekimen antolatu ditu egunotarako, gu guztion kontzientzia piztu, sentsibilizatu eta “matxismoari planto egiteko”. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela diote Matrakek, eta indarkeria hau behingoz akabatzeko gu guztiok beharrezkoak garela gogorarazi digute lerrootan.

Azaroaren 25a ate joka dugu. Aurtengoan egun horri begira, zer nabarmendu nahiko zenukete?

Matrakak: Guztiok dakigun bezala, azaroaren 25a indarkeria sexistaren aurkako eguna da. Zer nabarmendu nahiko genukeen? Ongi dagoela egun bat izatea, urtean behin. Egun bat non politikariek euren kontzientzia garbitzeko hitz politak esango dituzten, egun bat non hedabideek puntu morea jarriko duten telebistako pantailetan. Eta datozen 364 egunetan zer? Hitzak haizeak daramatza eta, beste behin ere, hau argi geratzen da, izan ere, agenda politikoetan lehentasunik ez du egiturazko zapalkuntza honi errotik aurre egiteak, bigarren mailako kontua da, beti. Hedabideetan ere eguneroko ogia dugu erailketa matxista baten, bortxaketa baten ala, oro har, eraso sexista baten berri ematerakoan morboari uko ezin egitea. Jarrerok ez dute indarkeria sexistaren aurka egiten. Hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago.

Ondorio larrienak dituzten indarkeria kasuen berri izaten dugu sarri. Eraso sexistak haratago doaz ordea.

Bai, halaxe da. Eraso larrienak detektatzeko errazenak badira ere, hauek ahalbidetzen dituzten eta detektatzea hainbeste kostatzen zaizkigun hamaika eraso daude aurretik. Hauek ez dute, inondik inora, garrantzia gutxiago.

Askotan izeberg-aren metafora erabiltzen da, indarkeria kasu agerikoenak erailketa, bortxaketa edo jipoiak kasu, izebergaren urazaleko zatia irudikatuko lukete; baina hauetara heldu baino lehenago eraso sotil asko daude tartean, ez hain nabarmenak, detektatzea gehiago kostatzen zaizkigunak. Azken horiek izeberg-aren urpeko zatia osatuko lukete.

Garrantziaren kontua azpimarratzea gustatuko litzaiguke. Aurrez aipatutako eraso sotilek, mikromatxismo moduan ere ezagunak direnak, ez dute garrantzia gutxiago, izan ere, ageriko indarkeria kasuak sostengatzeko ez hain agerikoen beharra dute (urpekoena). “Mikro” aurrizkia izanagatik jarrera matxistak dira, bere horretan. Indarkeria kasu oro da garrantzitsua, menperatzaile eta menpekoak sortzen dituelako, baldintza ezberdinetan posizionatzea dakarrelako.

Azken aldian Usurbilen ere zenbait indarkeria kasu izan direla salatu duzue. Kasuon aurrean zein erreakzio egon dela sumatu duzue? Nola jokatu edo kudeatu beharko lirateke halakoak gertu gertatzen direnean?

Usurbil ez da uharte bat eta indarkeria matxista kasuak ez dira beti kanpoan gertatzen, etxean ere gertatzen dira. Azken aldian, erasotuek salatu egin dituzte, oihartzuna izan dute kasuok, baina zenbat gertatzen dira egunerokoan eta ez dute argirik ikusten? Gizartean, orokorrean, kasu isolatu moduan saltzen zaizkigu, ezezagun batek gauez bakarrik leku bakarti eta ilun batetik pasatzen den emakume bati erasotu diola pentsatzen da, baina ez da hala. Erasotzaileen %80a erasotuaren ezaguna izaten da eta uste oker, baina oso zabalduaren aurka, egun argiz eta ohiko lekuetan gertatzen dira.

Kasuon aurrean modu guztietako erreakzioak egoten dira, batzutan errudun sentimendua izaten dure erasotuek, zerbaitegatik gertatu zaiela uste dute. Lotsatu egiten dira. Askotan, ingurukoek zalantzan jartzen dute erasotuak kontatutakoa, nahi gabe, epaitzera jotzen da, gizartean, oro har, oso barneratua dagoen jarrera da hau. Honela, erasotuari dudak sortzen zaizkio, ez-baian jartzen du jazotakoa “hainbesterako ote da?” galdetzen dio bere buruai. Eta bai, bada. Ezin gara beti isilik gelditu mundu mailako bakeagatik hori ez baita bakea. Ez gure bakea behintzat.

Nola kudeatu beharko liratekeen halakoak galdetu duzu, guk autodefentsa feministaren aldeko aldarria egiten dugu. Autodefentsa feministak potentzialki erasotua izan zaitezkeela onartzera zaramatza eta hori oso ‘heavy’a da, baina emakumeon kasuan hala da. Horregatik, autodefentsa feministak betaurreko moreak janzteko, erasoak identifikatzeko eta egiturazko zapalkuntza ulertzeko bitartekoak ematen dizkigu, baita eraso sotilenen aurrean erantzuteko trikimailuak ere.

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, beste zerbait aipatzeko?

Eraso sexistaren bat gertatzean, morboak gugan nahi baino eragin handiagoa izaten duela da. Hau da, askotan, erasotua nor izan den jakin nahi izaten da eta herrian ere gauza bera pasa zaigu. “Nor erasotu dute?” galdetu digute, behin baino gehiagotan, eta ez emozionalki nola aurkitzen den erasotua (anonimotasuna mantenduz), zer eraso sexista izan den edota nor izan den erasotzailea. Gizartean erasotua da seinalatua eta ez erasotzailea. Atentzio guztia erasotuaren gainean jartzen da. Eta honek ez luke hala izan beharko.

Azken elkarretaratzeetan adin eta sexu ezberdinetako herritar gehiago sumatu da. Usurbilen ere, emakumeenganako indarkeriaren aurkako salaketa aldarria indartzen ari da?

Baietz esango genuke, hasi ginenetik azkenekoraino nabarmentzen da aldea, geroz eta gehiago batzen gara elkarretaratzeetan eta hori pozgarria da. Horregatik, lerro hauek aprobetxatu nahiko genituzke eskerrak emateko eta beraien elkartasuna adierazten jarraitzeko eskatzeko herritarrei. Hala ere, pozgarriena elkarretaratzerik egin behar ez izatea litzateke, baina, zoritxarrez, halakoxea da errealitatea.

Ah! Eta nahiz eta geroz eta gehiago garen indarkeria sexistaren aurka kalera salatzera ateratzen garenak, ez dugu aipatu gabe utzi nahi herrian (eta herritik haratago) feminismoak dituen erresistentziak. 'Feminismo' hitza, jendeak, gizonezkoen aurkako mugimendutzat du eta ez da hala. Feminismoak pertsona askez osaturiko jendarte parekidea du helburu. Ez die, inondik inora, gizonezkoei hezkuntza, osasuna ala boto eskubidea ukatu nahi, feminismoak ez du gizonen bizitzekin amaitu nahi edota ez die ablazioaren pareko erokeriarik gauzatu nahi. Matxismoa da botere harremanetan, menperatzaile eta menpekoetan, oinarritzen duena jendarte ordena; feminismoak ez du zapaldurik nahi inon.

Egunotarako antolatu dituzuen ekimenetara zergatik ez dugu huts egin behar?

Gaian formatzeko, kontzientzia pizteko, gozatzeko, sentsibilizatzeko, errealitate ezberdinak ezagutzeko, herritarrak beste modu batera harremantzeko, egunerokoan ateratzen ez diren gai ikusezinez hitz egiteko, eta, batez ere, matxismoari planto egiteko. Guztiok beharrezkoak garelako.