Diruz lagunduko ditu Udalak, azken euriteek kalteturiko Saharar errefuxiatu guneak

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 11:50

1.500 euroko laguntza bideratuko du Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Saharar herriaren lagunen elkartearen bidez, urriaren 17az geroztik izan diren eurite izugarriek kaltetu dituzten errefuxiatu kanpamenduetara. Erabakia, astearte arratsaldeko osoko bilkuran hartu zuen udalbatzak aho batez. Usurbilgo EHBilduk eraman zuen proposamena mozio moduan plenora.

Testuak gainera, errefuxiatu guneokiko elkartasuna indartzeko deia luzatzen du. "Kooperazio eta elkartasun materialaren indartzea; batez ere errefuxiatu kanpamenduetan egunotan jasan dituzten uholdeen ostean. Elkartasuna areagotzeko deia egiten dugu eta hondamendi natural honek, oraindik ere errefuxiatu kanpamenduetako bizitza gogortu dutenak, sortutako beharrei premiazko erantzuna ematera".

Puntuetako bat aldatu dute

Mozioak beste puntu bat ere bazuen. Honela zioen: "Azkenik, saharar herriaren ordezkari legitimoa den RASD eta Frente Polisarioarekiko elkartasun politiko-instituzionala areagotuz, Saharar herriaren libre determinaziorako eskubide ukaezinaren inplementaziora eramango duten ekimen guztiak babestuko dira".

Puntu hau, Eusko Legebiltzarrak gai honen inguruan onartu zuen akordio baten edukiarekin ordezkatzea proposatu zuen PSE-EEko ordezkari Fermin Oruek. Udalbatzak aho batez onartu zuen azken orduko aldaketa eta baita mozioa bera ere. Mozioren testu zati berriak honakoa eskatzen du:

"Defenda dezala Nazio Batuek deskolonizazioari eta lurralde ez-autonomoei buruz finkatua duen doktrina. Halako lurraldeei dagokienez, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2625 Ebazpenak adierazten du: "Estatu subirano eta independente bat ezartzea, estatu independente batekin askatasunez elkartzea edo hartan integratzea, edo herri batek libreki erabakia bestelako izaera politiko bat bereganatzea izango dira herri baten determinazio askerako eskubidea gauzatzeko bideak". Hori da, hain zuzen ere, autodeterminazioaren edukia".

Irudia: Mundubat.