Usurbilgo Udala, Elhuyar Fundazioaren Patronatuko kide

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 13:26

Usurbilgo Udala Elhuyar Fundazioaren Patronatuko kide izatea, eta patronatu horretan parte hartuko duen udal ordezkaria Xabier Arregi alkatea izendatzea onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, astearteko osoko ohiko bilkuran. Udalbatzak hartutako erabakiaren berri, Elhuyar Fundazioari emango zaio.

Erabakiaren garrantzia azpimarratu zuen alkateak, proposamena aurkeztu eta bozkatu aurreko adierazpenen txandan. Elhuyar Euskal Herri mailan, euskal kultura eta zientziaren dibulgazioan erreferentea dela gogorarazi zuen. Pisu berezia ematen diola erabakia hartzeari, Elhuyar Usurbilen kokatua egoteak eta zentzu horretan Udalak baduela honekin guztiarekin konpromiso bat.

Ordezkari aldaketa

Usurbilgo Udala lehendik bazen Elhuyar Fundazioaren patronatuko kide. Hain zuzen, duela urtebetetik udalak bazuen ordezkaria aipatu patronatuan; ekainera arte Usurbilgo alkate izan genuen Mertxe Aizpurua. Patronatuko kide aldaketak, patrono kide izatea eta ordezkari berria izendatzea ekarri du.

Erabakia hartu beharra, datorren bileran parte hartzeko

Diktaminatu gabe heldu zen gaia plenora. EAJ-PNV-tik hain zuzen, proposamena osoko bilkurara ekartzeko presa zergatik zegoen galdetu zitzaion gobernu taldeari. Alkateak erantzun zuenez, Patronatua laster biltzekoa da eta bilerara joan ahal izateko ezinbestekoa zen udalbatzak izendapen hau onartzea. Hortik erabaki hau hartzeko presa. Bestela, ezinbestean gai honi bakarrik loturiko ezohiko osoko bilkura deitu beharko zutela argitu zuen alkateak.

Gaia aztertzeko denbora falta izan zutela adierazita, EAJ-PNV-k abstenituko zela iragarri zuen. Udala Elhuyar Fundazioko Patronatuko kide izan eta bertan parte hartuko duen ordezkaria alkatea izatearen alde agertu ziren EHBildu eta PSE-EE.