Usurbilgo Udalak, 5 urterako hitzarmena izenpetuko du AEK-rekin

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 13:55

Bi aldeek, Usurbilgo Udalak eta Euskaraz Kooperatibak (AEK-k) 2005eko irailean 10 urtetarako sinatu zuten hitzarmena berritzeko beharra ikusi dute. 5 urterako berrituko dute orain, astearteko osoko ohiko bilkuran udalbatzak aipatu dokumentua aho batez onartu ostean. Bi helburu nagusi bete nahi dituzte; "Euskaraz Kooperatibaren (AEK) aldetik, Usurbilgo udalerrian, eta bereziki, Usurbilgo biztanleriaren artean, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatze-lanen eskaintza sustatzea".

Eta Usurbilgo Udalaren aldetik, "Euskaraz Kooperatiba Elkartearekin (AEK) dirulaguntza-erregimena, bestelako zerbitzuak (Mintzalaguna, autoikaskuntza eta euskara azterketak egitea) eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea".

Badaezpada, prekario hitzak zalantzak sor ez ditzan, Xabier Arregi alkateak argitu nahi izan zuenez, prekario hitzak ez dio erreferentzia egiten lokalaren egoerari edo baldintzei. Etorkizunean Udala AEK-ri utzitako lokala hartzera behartua egongo balitz, egoitza Udalaren esku geratuko dela adierazi nahi du. Alkateak argitu nahi izan zuen beste kontua; Udalak AEK-ri emango dion laguntza, HABEk emandakoari osatzen zaion laguntza dela.