Abenduaren 3ko Euskararen Egunari begira, Usurbilgo EHBilduk aurkezturiko adierazpen instituzionala aho batez onartu zuen udalbatzak, asteartean egin zen osoko ohiko bilkuran.
Adierazpenak, euskararen arnasguneak udalerri euskaldunak direla gogorarazten digu. Eta arnasgune izaten segitzen badute, orain arte eragile askok eginiko lanari eta hiztunen hautuari esker izan dela. Aurten bereziki, euskaldun berrien ekarpena aitortu eta eskertu nahi du Udalak adierazpen honen bidez, euskaldun berriak sortzen segitzeko konpromisoa hartzearekin batera. Etorkizunari begira gainera, "Udalak, euskaraz bizitzen segitzeko borondatea berretsi nahi du".
Eta kezka agertzen du, azken urteotan udalerri euskaldunetan euskararen ezagutzan eman den beherakada dela eta.