Errioa hazita, baina bere bidetik dator

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 18:09

Giro traketsa asteazken honetan, haizete eta euriteekin. Abisu horian egon gara lehen orduetan, baina gero egoera kaxkartu eta alerta maila laranjara igo du Euskalmet Meteorologia Agentziak. Eta hala jarraituko dugu, alerta laranjan egongo gara gauerdira arte. "Gipuzkoa ekialdeko zenbait lekutan 80 l/m² baino gehiago pilatuko dira gaur. Eguna amaitu bitartean Urumeako eta Oriako goi-arroko zenbait lekuan 40-60 l/m² pilatu daiteke".

Azken orduotako euriteen isla argia orduotan, ohikoa den moduan, udalerri hau alderik alde zeharkatzen duen errioa. Emaritsu, baina bere bidetik zetorren arratsaldeko 17:00ak aldera ateratako irudiotan.

Euria bakarrik ez, haize bortitza izaten ari gara baita azken orduotan. Abisu horian gara haizeagatik. "Ipar/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h orduko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan, bereziki kostaldean", Euskalmet-ek ohartarazi duenez. Ostegun goizaldeko 6:00ak arte jarraituko dugu abisu horiaren eraginpean. Haizeak utzitako arrastoa begi bistakoa dugu hainbat txokotan. Belardi eta parke inguruetan, zuhaitzak dauden zonaldeetan, hosto eta adaxkak nonahi ikus ditzakegu lurrean barreiatuta.

Asteazkenerako iragarpena

"Euria etengabe eta barra-barra egiten jarraituko du ipar-ekialdean, zaparradak arratsaldekoak bezain handiak izango ez diren arren. Mendebaldean eta hegoaldeko eskualdeetan atertzera egingo du apur bat, baina noizbehinka euria egingo du oraindik han. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta oso giro ezatsegina sortuko du. Gaueko tenperaturan aldaketa handirik ez".

Ostegunerako iragarpena

"Ostegunean euria egiten jarraituko du, baina euria asteazkenean baino askoz urriagoa izango da eta noizbehinka egingo du. Isurialde atlantikoan pilatuko dira berriro litro gehienak eta han sarriago egingo du, hegoaldera tanta batzuk baino ez dira ailegatuko, ateri ez badio eusten. Egunsentian ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du oraindik baina goiza aurrera joan ahala ahultzera egingo du eta eguerdian iparraldera aldatuko da. Ebro ibarrean ziertzo zakarra ibiliko da berriro. Tenperaturak berdintsu jarraituko du eta maximoak 10 eta 14ºC artekoak izango dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus