Euskarazko Produktuen Katalogo berria, kalean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 26a, 10:45

18. ediziora heldu den katalogoaren 120.000 ale banatuko dituzte egunotan, egitasmoan parte hartzen duten Euskal Herriko 140 bat udal (tartean Usurbilgoak) eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek. Horietatik mordoxka bat, Usurbilen banatuko dituzte ikasleen artean. Aurten, 12 urte artekoei banatuko zaie papereko edizioa. Adin horretatik gorakoei, liburuetako orriak bereizteko erabiltzen den orri bereizlea emango zaie. Bertan, Euskarako Produktuen Katalogoa sarean kontsultatzeko helbidea ageri da besteak beste.

Opariak egiteko gida baliagarria

Durangoko Azoka ospatzear dagoen honetan, eta eguberriak ate joka ditugula, euskara oparitzeko egun apropos askoak datoz. Eskura dugun eskaintzan galdu ez gaitezen, argitaratu berri duten Euskarazko Produktuen Katalogoak, "gurasoentzako eta 12 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zazpi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da".

Web orrialde berritua

Papereko edizioaz gain, sarean ere atari propioa du Euskarazko Produktuen Katalogoak; katalogoa.eus helbidean hain zuzen. Web gunea berritu eta eguneratu dute egitasmo honen eragileek. Mugikor eta tabletentzat egokitu dute, "diseinu berritzailearekin eta beste hainbat osagai interesgarrirekin, Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Idazle, musikari, filmagileekin egindako elkarrizketak, haien inguruko albisteak, nobedadeak, iritziak, ikusi eta irakurtzeko aukera izango duzu webgune berrituan. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko".

Web orrialde dinamiko batez ari gara. Bizirik dagoena urte osoan, eguneratzen doazena. "Argitaletxeek berek aukera dute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta informazio berria eta interesgarria aurki daiteke bertan. Produktuen bilaketa azkarra egiteko aukera ere baduzu, adinaren, prezioaren nahiz beste ezaugarri batzuen arabera merkatuan dauden produktuak aurkitzeko".