Gure Esku Dagok deituriko bilera irekia, larunbatean 11:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2015ko aza. 27a, 09:35

Bilera irekia deitu du euskaldunon erabakitze eskubidea gauzatzeko lanean diharduen herri mugimenduak. Larunbaterako hain zuzen. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak larunbat goizeko 11:00etarako finkatu du hitzordua, Potxoenean. Bertaratzeko gonbita luzatzen diete herritarrei.

"Eskura" hausnarketa

Erabakiaren aroa definitzeko, zer, noiz eta nola erabaki adosteko, hausnarketa prozesua egin du Gure Esku Dagok. "Eskura" izeneko prozesuaren baitan, hainbat jardunaldi, bilera edo batzar egin dira herrietan. Web orri bidez ere ekarpenak egiteko aukera egon zen azaroaren 9ra arte. "Eskura" prozesuari, aurreko larunbatean Gasteizen egin zuten ezohiko batzar nagusian eman zitzaion amaiera. Gure Esku Dagoren zuzendaritza berria hautatu eta adosturiko txostena bozkatu zuten.

Erabakiaren aroa definituta, urrats berri bat ematera doa orain, Gure Esku Dago mugimendua. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, lehen herri galdeketak egingo dira 2016an. Zehazki, Goierriko 22 herrietan eta Bizkaiko Dima eta Ispasterren. Goierriko galdeketak, larunbat honetan aurkeztuko dituzte Lazkaon.

Informazio gehiago: gureeskudago.eus