Tokiko produktuak ezagutzera eman eta Zuberoako ikastolen egoera ekonomikoa hobetzen laguntzeko elkartasun kanpaina bueltan da, Nafartarrak taldekoen eskutik. Xiberoko produktu goxoez hornituriko otarrak eskatzeko epea zabalik dago abenduaren 10era arte NOAUA!n eta tabernetan jarriko dituzten zerrendetan. Helbide honetara idatzita ere izena eman daiteke: aihert@gmail.com. Zehaztu zenbat otar nahi dituzuen eta zuekin hartuemanetan jartzeko telefono zenbakia baita.
"Aurten ere iritsi zaigu Xiberuko produktuekin osaturiko otarren eskaera egiteko garaia! Otarrak erosiz Xiberuko ikastolei ekonomikoki laguntzeaz gain bertako baserritar, artzain eta produktore txikientzat ere laguntza izaten da kanpaina hau, bere produktuak saltzeko merkatu berri bat baitute honako hau! Eta noski, guk kalitatezko produktu goxoez gozatzeko aukera izango dugu!", elkartasun kanpainako antolatzaileen esanetan.
Eskaerak egin ostean, abenduaren 20an ospatuko dugun Santo Tomas Azokan emango diote amaiera elkartasun kanpainari. Otarrak aldez aurretik eskatu dituztenek, egun horretan bertan jaso ahalko dituzte frontoian egongo den postuan. Jasotako laguntzaren berri emango da baita, azoka amaierako ekitaldian. Ohi bezala, bi otarron artean aukeratu liteke aurten ere:
Ahüzki otarra
Produktuak: ardi gazta (900 gr), ahate gibela (125 gr), bizkotxo poltsa "artisanala" (200 gr), eztia (500 gr).
Prezioa: 40 euro.
Irati otarra
Produktuak: ardi gazta (900 gr), ahate gibela (125 gr), bizkotxo poltsa "artisanala" (200 gr), eztia (500 gr) eta axoa, xahalki xehatua saltsan (750 gr).
Prezioa: 52 euro.
Kanpainari buruzko informazio gehiago: ikaskoli.eu