Astelehen honetan, azaroaren 30ean amaitzekoa zen gripearen aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 18ra arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Osasun Sailaren esanetan, ez baitute inor txertatu gabe geratzerik nahi. Jada 346.000 txerto jarri dituzte, iaz baino %3,5 gehiago. Azken asteotan nabarmen egin omen du gorantz, txertoa hartzera joan direnen kopuruak.
Herritarrak A eta B gripeaz kutsatzea saihestu nahi da. Txertoa hartzeko deialdiarekin bat eginda dago Usurbilgo Udala ere. Bereziki, 65 urtetik gorako herritarrei, haurdun dauden emakumeei, gaixotasun kronikoren bat dutenei zuzendua dago. Baita "beren lanbideagatik arrisku-taldeko pertsonen kutsatzaile izan daitezkeenei ere; hirugarren adineko egoitzetako, geriatrikoetako, eguneko zentroetako eta abarretako pertsonala, bai eta etxez-etxeko laguntzarako zein zerbitzu sozialetako pertsonala ere".
Usurbilgo Udaletik, kanpainaren garrantzia azpimarratu dute. "Gripearen Aurkako Kanpaina ahalegin garrantzitsua da, bai instituzioentzat, bai kanpaina aurrera eramaten duten osasun-taldeentzat. Eta egiten ditugun kanpainetan estaldura-tasa onak lortzen badira ere, tasa horiek hobetzen ahalegintzen gara, guztiz onuragarria baita hiritarrentzat orokorrean, eta batez ere, txertaketaren jomuga diren pertsonentzat. Are gehiago, gaur egungoa bezalako unean, non, egoera epidemiologikoa nahasia den", Udaletik adierazi dutenez.
Beste bi astez luzatu den kanpainarako 380.000 txerto prest ditu Eusko Jaurlaritzak. Anbulatoriora gerturatuta informazio gehiago eskura dezakezue. Edo 943 36 15 43 / 943 36 20 13 telefono zenbakietara deituta.
Odol emaileen bazkarirako izen ematea
Urtea borobiltzeko bazkaria antolatu du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak, ohi bezala, abenduaren 8an. Patri jatetxean ospatuko den otordurako izen ematea zabaldu dute. Apuntatzeko, deitu telefono zenbakiotako batera: 943 366 040/610 681 563 (Maite), 943 372 487/646 185 716 (Mari Sol), 943 370 723/678 242 132 (Jero), 943 363 102/688 887 537 (Agustina).