Hemen da, Usurbilgo txanpona

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 1a, 12:43

Bazetorrela iragartzen ari ziren Hurbilago Elkartekoak. Eta hemen da, tokiko ekonomia sustatzera datorren tresna berria; Usurbilgo txanpona. Herrian, herriko saltokietan erosketak egiteko aukera eskainiko du asteazkenetik aurrera, beherapen eta guzti. Mugi, Hurbilagok Elkartetik berri eman dutenez, mila txanpon jarriko baitituzte zirkulazioan, gabonak pasa bitarte.

Gero, txanponen erabilera zabaltzen joango dira. Hori ordea eguberrien ostean izango da. Egunotara itzulita, asteazken honetatik 10 euroko mila txanpon izango dituzue eskuragarri Hurbilago Elkarteko 6 saltokiotan; Alkartasuna Kooperatiban, Esnaola janari dendan, Ivan Perez argazki estudioan, Lurda mertzerian, Marije arropa dendan eta Usurbil Optikan. Guneotan guztietan, 10 euroko txanpon bakoitza 9 euroren truke erosteko aukera izango duzue; beste modu batera esanda, %10eko beherapenarekin. Txanponokin, Hurbilago Elkartekoak diren edozein establezimenduetan erosketak egin ahalko dituzue urtarrilaren 5era arte. 10 euroko erosketa bakoitza, 9 eurotan; lehen aipatu moduan, %10 merkeago.

Hurbilago Elkarteak hamarreko mila txanpon baino ez ditu jarriko merkatuan. Honenbestez, herritarrak mugi daitezela agortu baino lehen. Ohar garrantzitsua; txanponok erosi ostean, urtarrilaren 5era arte erabili ahalko dira.

2016tik aurrera, sariak txanponetan

Urtarrilaren 6tik aurrera, txanpon berriak beste funtzio bat beteko du. Hilero, bigarren igandeetan ospatu ohi den Tipi-Tapako lehen saria, Hurbilago Elkarteko saltokietan xahutzeko 150 euroko erosketa balea izan ohi da. Bestalde, Hurbilago Txartela aipatu establezimenduetako erosketetan erabiltzerakoan ere promozio edo zozketetako sariak bale moduan eman ohi dira.

Aurrerantzean ordea, txanponak ordezkatuko ditu erosketa baleok. Hurbilago Elkarteak emandako sariak txanponetan jasoko dira. Sariak ematen joan ahala honenbestez, txanponen mugimendua handitzen joango da. Azkenean, helburua “zirkulazio hori zabaldu eta herriko bertako salerosketak indartzea da. Bai herritarrek bertan saltzeko, bai herritar horiei saltzen dieten establezimenduek ere herrian bertan erosteko, etxerako nahiz saltokirako behar dutena”.

Txanponaren erabilera, faseka

-Abenduak 2-urtarrilak 5: 9 eurotan 10 euroko txanpona eskuragarri. Erosketak %10 merkeago.

-Urtarrilaren 6tik aurrera: erosketa baleak desagertu eta sariak txanponetan ematen hasiko dira.

Txanponak, 6 saltokietan eskuragarri: Alkartasuna Kooperatiban, Esnaola janari dendan, Ivan Perez argazki estudioan, Lurda mertzerian, Marije arropa dendan eta Usurbil Optikan.

Prezioa: 9 euroren truke, 10 euroko txanpon bat.

Oharra: erositako txanponak, urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango dira.