Independentzia aldarrikatzeko manifestazioa deitu du EHBilduk igande honetarako, abenduaren 6rako Bilbon. Mobilizazioa, eguerdiko 12:00etan plaza eliptikotik abiatu eta Arriagan amaituko da. Segidan, malla itxura hartu eta "Bildu independentziara" dioen mosaiko erraldoi bat osatuko da, bertan banatuko diren zapata lokarriekin.
Igandean Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatu dute Usurbilen. Goizeko 10:00etan abiatuko da Bordatxo aurreko errotondatik. Izen emateko zerrendak, Txiriboga, Aitzaga eta Bordatxo tabernetan dituzue.
Hauteskunde kanpaina betean egingo da manifestazioa. Aurretik, eta ostegunetik ostiralerako gau horretan abiatuko den kanpainako lehen ekitaldia, abenduaren 4rako deitu du Usurbilgo EHBilduk. Ostiral arratsaldeko 19:00etan, kartel pegada egingo dute, frontoitik abiatuta.
Bilboko manifestaldiaren harira, honako idatzia helarazi du NOAUA!ra, Usurbilgo EHBilduk:
Abenduaren 6an... bildu Independentziara!
Euskal Herri independentea nahi dugun eta horren alde egunero lan eta borroka egiten dugun herritarrok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6an, Bilbon. Plaza Eliptikoa eta Arriaga lotzen dituzten kaleak gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu bihurtu beharra dugu guztion artean, eta horretarako dei zuzena egiten diegu EH Bildutik nahi eta desio bera konpartitzen duten milaka herritarrei.
Espainiako estatu antidemokratikoari lotzen gaituzten kateak askatu beharra dauzkagu. Inposizioari, ukazioari eta mehatxuari aurre egiteko indarrak bildu behar ditugu. Feminismoa, langileen eskubideak, euskaltzaletasuna, hezkuntza sistema propioa, bakezaletasuna oinarri bezala eraiki nahi dugun Euskal Herria egiteko, bildu beharra daukagu. Eguneroko borroka da hori. Baina abenduaren 6an, borroka horiek guztiak kalean batzeko eta guztiok batera aldarrikatzeko aukera paregabea izango dugu.
Gure herriak, euskal herritarren gehiengo zabal batek, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinetan oinarritutako etorkizuna amesten du. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua… Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna. Manifestazio alaia izango da, koloretsua… Euskal Herriaren eta herritarren etorkizunarekin konprometituta dauden milaka herritarrek egingo duten aldarrikapen jaia.
Guztion artean indarrak bilduta lortuko dugu Euskal Herriak askatasunerako bidaia egitea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu etorkizunari atea irekitzea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu Espainiako estatuaren inposizioa eta ukazioa gainditzea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu mundu zabalari erakustea bakean eta askatasunean bizi nahi duen herri oso bat dagoela erakustea. Guztion artean lortuko dugu herri eta herritar bezala ditugun ametsen bidean beste pauso bat ematea.
Abenduaren 6an beraz, indarrak independentziarantz bilduz, Bilbon ikusiko gara.
Usurbilgo EHBildu
Irudia: EHBildu.