Datorren urterako udal aurrekontuak eta legegintzaldi osorako Gobernu Programa lantzen aritu da udal gobernu taldea. Egindakoa herri eragileekin partekatu nahi dute orain, Horregatik, bilera erronda deitu du Udalak, abenduaren 16ra arte. 8 saio guztira, behar balitz bederatzigarren bat baita. Sektoreka egin eta asko jota, ordu eta erdiz luzatuko diren bileretan Xabier Arregi alkateak eta sail bakoitzaz arduratzen den zinegotziak parte hartuko du.
Eskema berbera errepikatuko da saio guztietan. Hamarna minutuz, udal aurrekontuak errepasatu, hizketagai duten sailaren egoeraren berri eman eta gobernu programaren lanketa azalduko dute udal ordezkariek. Gero, ordubetez hitza hartuko dute herri eragileek. Entzundakoaz iritzia eman, edo epe labur nahiz luzerako proposamen edo ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez.
Gonbita luzatzeko, eragile bakoitzari gutun bana helaraziko diote egunotan. Aipatzekoa; bilera sorta, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan egingo dela, eta ez orain arte bezala Potxoenean edo Sutegin. Oraingoan, udaletxeko ateak zabaldu eta herriko etxera erakarri nahi dituzte herritarrak, “Udala denok osatzen dugulako”.
Bileren egutegia
Atzo hezkuntza eta kirol eragileekin bildu ziren. Ingurumen eragileen txanda asteazken honetan:
-Abenduak 2, asteazkena: 19:00etan ingurumen eragileekin.
-Abenduak 4, ostirala: 18:00etan parekidetasuneko eragileekin, 19:00etan jubilatu elkarteekin.
-Abenduak 9, asteazkena: 19:00etan, Kultura, Euskara eta Gazteria alorretako eragileekin.
-Abenduak 15, asteartea: 13:30etan Merkataritza-ostalaritzako eragileekin.
-Abenduak 16, asteazkena: 19:00etan Garapen sozio-ekonomikoan dihardutenekin.
Bileren tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
2016ko udal aurrekontuak, abenduko plenora
Dagoeneko landu dute lehen zirriborroa eta alderdien ekarpenak biltzen hasia da udal gobernu taldea. Aldaketarik ez bada, datorren urteko udal aurrekontuak, eguberriak tarteko, lehenago deituko duten abenduko osoko bilkurara eramango dituzte, hasieraz onartzeko.