EHBilduk independentziaren alde iganderako Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin eta bertaratzera deitu dituzte herritarrak, Buruntzaldeko EHBilduko hautetsiek eguerdian Hernanin egin duten agerraldian.
"Euskal Herri independentea nahi dugun herritarrok eta horren alde egunero lan eta borroka egiten dugun herritarrok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6an. Bilboko kaleak bihurtu behar ditugu gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu eta, horretarako, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrei dei egiten diegu EH Bildutik igandeko manifestaziora joateko", esan du Luix Intxauspe, Hernaniko alkateak, agerraldira bertaratu diren ordezkarien izenean.
Manifestazio bezperan, Espainiako Konstituzioaren aurkako gazte ekimena iragarri du EHBilduk larunbaterako, goizeko 11:00etatik aurrera Donostiako Konstituzio plazan. Eskualdeko gazteak hitzordura bertaratzera deitu dituzte gaur eguerdiko agerraldian. Agerraldian esan dituztenak, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.
Autobus zerbitzua Usurbildik
Independentzia aldarrikatzeko manifestazioa deitu du EHBilduk igande honetarako, abenduaren 6rako Bilbon. Mobilizazioa, eguerdiko 12:00etan plaza eliptikotik abiatu eta Arriagan amaituko da. Segidan, malla itxura hartu eta "Bildu independentziara" dioen mosaiko erraldoi bat osatuko da, bertan banatuko diren zapata lokarriekin.
Igandean Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatu dute Usurbilen. Goizeko 10:00etan abiatuko da Bordatxo aurreko errotondatik. Izen emateko zerrendak, Txiriboga, Aitzaga eta Bordatxo tabernetan dituzue.
Hauteskunde kanpaina betean egingo da manifestazioa. Aurretik, eta ostegunetik ostiralerako gau horretan abiatuko den kanpainako lehen ekitaldia, abenduaren 4rako deitu du Usurbilgo EHBilduk. Ostiral arratsaldeko 19:00etan, kartel pegada egingo dute, frontoitik abiatuta.
Usurbilgo EHBilduren gutuna: http://www.noaua.eus/?p=43646