Ostegun honetan abiatuko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, 04/08 sumarioan auziperatuak dauden Ezker Abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa. Auziperatuen artean da, Marisa Alejandro usurbildarra. Ondoko irudietan ikus dezakezuenez, aurreko larunbatean babesa eta elkartasuna adierazi zioten herritarrek Marisari, frontoian egin zen ekitaldi baten bidez.
Auziperatuak jada, Auzitegi Nazionalean dira. Sartu aurretik elkarretaratzea egin dute, auzitegi atarian.
Epaiketa, 8 urtera
Baltasar Garzon epailearen aginduz, 2007ko urriaren 4an Seguran Ezker Abertzalearen aurka izandako polizia operazioaren haritik dator azaroaren 16an hastekoa den epaiketa. Ezker Abertzaleko 23 lagun atxilotu zituen polizia espainiarrak duela 8 urte, tartean, Marisa Alejandro usurbildarra. Batasunaren mahai nazionala berriro osatu izana leporatu zitzaien. 23 lagunon etxeak eta EHAK alderdiaren egoitza miatu zituzten.
Egun haietan, atxiloketok salatzeko mobilizazio ugari burutu ziren bai Usurbilen, baita Euskal Herri mailan ere; tartean, jarraipen zabala izan zuen ordubeteko lan uztea egin zen.
Marisa ia 3 urte izan zuten preso, 2010eko apirilaren 15ean, bera eta polizia operazio berean atxiloturiko beste 9 lagun bermepean aske utzi zituzten arte. Aske geratu eta 5 urtera epaituko dute Marisa, beste 34 lagunekin batera. Hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen dute.