Ireki berri dute, mende erdia bete duen Durangoko Azoka; datozen 5 egunotan, 249 erakustoki bisitatzeko aukera egongo da, 350 nobedade aurkeztuko dituzte eta denetariko 250 ekitaldi ospatuko dira.
50 urte betetzen dituen azokako kartela, gogoan izan, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak sorturikoa da. Baina antolatzaileek berri eman dutenez gainera, datorren azokan, "Jose Luis Zumetaren lan bi erakusgai egongo dira San Agustinen eta bere lanaren inguruan egindako dokumentala proiektatuko da buklean".
Yolanda Arrieta
Azoka ireki berri duten arren, ostiral arratsaldeko 19:00etan ospatuko da inaugurazio ekitaldia. Hitzordu honetan parte hartuko duenetako bat, Yolanda Arrieta izango da. "Argiaren alaba" liburuaren lagin bat irakurriko du. Eta azoka egunetan, berak iaz autoekoitzi eta plazaraturiko liburua, Denonartean stand-ean eskuratu ahalko duzue.
Hotzikararen "II"
Etxekoek azokan aurkeztu ditzaketen lanez gain, antolatu duten kultur egitarau zabalaren baitan ere, usurbildarrak topatuko ditugu abenduaren 4tik 8ra Durangora gerturatzen bagara. Batetik, Hotzikara musika taldeak agurtzear dugun urte honetan kaleratu duen "II" lana aurkeztuko du kontzertu bidez. "Hotzikara 2008-an sortu zen. Ahots guturalak eta kitarra indartsuak garrantzi handia dute gure musikan, baina badira indar berezia hartzen duten kanta instrumentalak ere, estilo aldetik zabaldu egiten gaituztenak. Azkenean, hori ere bagara. 2011n "Hotzikara" argitaratu eta honekin zoko askotan gau izerditsuak pasa ditugu. 2015ean "II" sortu da, estilo desberdinaz baina Hotzikara berdin sortuz!".
Alex Telloren antzezlana
Atea Teatro taldeak bestalde, "Ekoetikopatetikobikoa" antzezlana eskainiko du. Lan honen gidoilari eta zuzendaria usurbildarra dugu baita; Alex Tello. Otsailean, euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko sorturiko Donostiako Poltsiko Antzerkia programa irabazi zuen. Anabel Arraiza eta Jabier Rodil aktoreek parte hartzen dute antzezlan honetan.
Honela dio antzezlaneko sinopsiak: "Biki eta Viktor pisukideak dira eta lanik egiten ez dutenez, Bikik ordaintzen dion errentarekin eguneroko gastuei ozta aurre egiten die. Alokairu kontratua berritzearekin batera hasiko dira eztabaida eta saltsa".
H28 eta Tokikom
Hedabideei loturiko bi deialdi. Batetik, Joseba Larratxe usurbildarra kide duen proiektu baten inguruko ekitaldia antolatu da. "H28 internetetik doan banatzen den hilabetekari grafikoaren inguruko solasaldia eta berrikuntzen aurkezpena" iragarri dute. Eta amaitzeko, NOAUA! kide duen Tokikomek "tokiko hedabideen bateraguneak, duen estrategia digitalaren aurkezpena" egingo du datorren Durangoko Azokan.
Jakoba Errekondo
Liburuak sinatzen ere aurkituko dugu usurbildarrik. Arrakasta itzela izan duen Jakoba Errekondoren "Bizi baratzea - Garaian garaikoa garaiz eman eta hartu" lana tartean. "Euskal Herriko –batez ere euskal isurialde atlantikoko– ezaugarri berezietara egokitutako liburua da Bizi Baratzea. Modu atsegin eta ulerterrazean, baratzearen abenturan murgiltzeko grina daukatenentzat gida ezin hobea eskaintzen du lan honek, baita d agoeneko lehen urratsak eginda dituztenentzat ere. Liburua atal labur askotan bananduta dago. Argibide orokorrak ematen dira hasierako zatian; ondoren, kapitulu bana eskaintzen zaio 30etik gora barazkiri. Bakoitza lantzeko lur mota eta sasoi egokiena, ur eta argi beharra, izurriteez babesteko moduak, aldamenean eduki behar dituen lagunak… Baratzean aritzeko behar den oinarrizko jakintza, 200 orrialde inguruan bildua".
Durangoko Azokan ez galtzeko gida lagungarria kalean da; 18. Euskarazko Produktuen Katalogoa . Informazio gehiago: katalogoa.eus
Usurbildarrak Azokan
Abenduak 5, larunbata
Ahotsenea, Zuzenekoak: 15:00-15:30 Hotzikara: "II"
Abenduak 6, igandea
Szenatokia
13:00-13:15 Atea Teatroren "Ekoetikopatetikobikoa".
Kabi@
18:30-19:30 "H28 hilabetekari satiriko digitala".
Abenduak 7, astelehena
Kabi@
18:00-18:30 Tokikom
Informazio gehiago: durangokoazoka.eus