Antzerkia eta haurrentzako zinea euskaraz, asteburuan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 4a, 07:52

"Hamaika mila modu daude bizitzan irabazteko. Fredrik hamar urte dituen Magda neskatilaren aita da. Fredrik tipo dibertigarria eta Jockey saiatua da, eta, itxura denez, bere ametsetako zaldia aurkitu du azkenean". Hor abiatzen da, "Irabazle eta galtzailea", Usurbilgo Udalak negu parterako antolatu duen euskarazko zine zikloaren baitan, igandean izango den filmak. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera proiektatuko dute Sutegiko auditorioan. 7-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko pelikularako sarrerak, egunean bertan 3 eurotan egongo dira salgai.

Datozen hilabeteotan, "Yugo&Lala”, “Annaluise&Anton”, eta “Lotte” pelikulak eskainiko ditu Udalak, Ziortza Gazte Elkartearekin elkarlanean.

Iaz arrakastatsua suertatu zen ekimena. Udalak emandako datuen arabera, bataz beste 100 haur inguru joan ziren proiekzioetara.

Abenduak 4, ostirala: "Ondoko hilobiko tipoa" antzezlana

Ordua: 22:00.

Tokia: Aginagako Eliza Zaharra.

Sarrerak: 5 eurotan salgai, egunean bertan.

Aktoreak: Aitziber Garmendia, Iker Galartza.

Zuzendaria: Begoña Bilbao.

Taldea: Txalo Produkzioak.

Zehaztasunak: "Zeinek esan… Neska pinpirina baserrian! Eta baserritar bat operan? Biak oraindik gazteak. Aiora: polita, gozoa eta alarguna. Pablo:  zekena, egoskorra eta ezkongabea. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa… Pablo. Maila sozial eta kultural ezberdinak aurrez aurre. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Ezinezkoa litzatekeena posible egingo duen istorio zoragarri honetako sua".

Antolatzaileak: Antxomolantxa Elkartea eta San Praixku Guraso Elkartea.