Datorren urterako udal aurrekontuak eta legegintzaldi osorako Gobernu Programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko deialdi bikoitza ostiral honetarako; parekidetasuneko eragileekin eta jubilatu elkarteekin bilduko baita Usurbilgo Udala.
Ordubete pasatxoko saioak izango dira. Xabier Arregi alkateak eta kasuan kasuko zinegotziak parte hartuko dute. Hamarna minutuz, udal aurrekontuak errepasatu, hizketagai duten sailaren egoeraren berri eman eta gobernu programaren lanketa azalduko dute udal ordezkariek. Gero, ordubetez hitza hartuko dute herri eragileek. Entzundakoaz iritzia eman, edo epe labur nahiz luzerako proposamen edo ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez.
Bilerak Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan egingo dela, eta ez orain arte bezala Potxoenean edo Sutegin. Oraingoan, udaletxeko ateak zabaldu eta herriko etxera erakarri nahi dituzte herritarrak, “Udala denok osatzen dugulako”.
Datozen bileren egutegia
-Abenduak 4, ostirala: 18:00etan parekidetasuneko eragileekin, 19:00etan jubilatu elkarteekin.
-Abenduak 9, asteazkena: 19:00etan, Kultura, Euskara eta Gazteria alorretako eragileekin.
-Abenduak 15, asteartea: 13:30etan Merkataritza-ostalaritzako eragileekin.
-Abenduak 16, asteazkena: 19:00etan Garapen sozio-ekonomikoan dihardutenekin.
Bileren tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
2016ko udal aurrekontuak, abenduko plenora
Dagoeneko landu dute lehen zirriborroa eta alderdien ekarpenak biltzen hasia da udal gobernu taldea. Aldaketarik ez bada, datorren urteko udal aurrekontuak, eguberriak tarteko, lehenago deituko duten abenduko osoko bilkurara eramango dituzte, hasieraz onartzeko.