Ate joka ditugun eguberrien atarian, larunbat honetarako, abenduaren 12rako Jostailu Erabilen Azoka antolatu du Hitz Ahok, Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak. Haurren artean jostailuen berrerabilera sustatzeko deitu duten ekimenaren bezperatan, abenduaren 10ean eta 11n, arratsaldez, 17:00-19:00 artean egingo da jostailu bilketa Sutegiko erakustaretoan. Bilketan parte hartzeko deia egin dute. "Zuen laguntza eskatzera gatoz. Zuen etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzuen jostailu, ipuin, liburu, DVD eta antzekoak badituzue, orain duzue guzti horiei erabilpen berria emateko aukera", ohartarazi dute Hitz Ahotik.
Urtero moduan, gogoan izan, ekimen honetan parte hartzeko baldintza hauek bete behar dira:
-Jostailuek osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azoka egunean jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek, arduradun batekin parte hartu beharko dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute.