Irri eginaraztera etorri ohi dira gabonen bueltan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Argiaren Adiskideen Usurbilgo Taldearen eskutik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berrienaz gozatzeko aukera izango da abenduaren 19an, 17:00etan Oiardo Kiroldegian. Emanaldi bakarra izango da aurten. Sarrerak aurrez eskura ditzakezue 7 eurotan Marije arropa dendan eta Bordatxo tabernan.
"Amalur" ikuskizun berria, baserri munduari eskaini diote. Baserriko lanari eta baserritarren bizimoduari loturiko 15 abesti sortu dituzte, besteak beste, Jakoba Errekondo paisajista usurbildarraren laguntzaz. "Pailazoak baserrira doaz Marimototsengana. Marimotots bertan da Ilargirekin ikasten, baserritarra izan nahi baitu. Denek Ilargi lagunduko dute, haurdun baita. Laster jaioko da haurra". Hortik aurreakoak, abenduaren 19an Oiardo Kiroldegian.
Amalur diskoarekin batera, "Euri tanta banintz" lana ere kaleratu dute. Bertan, Joxan Ormazabalek idatzitako 12 olerki musikatu dituzte. Diskoan gainera, pertsonaia ezagun ugarik parte hartu dute.
Informazio gehiago: katxiporreta.eus