Datorren urterako udal aurrekontuak eta legegintzaldi osorako Gobernu Programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko deialdi berria asteazken honetarako; euskara, kultura eta gazteria alorretako eragileekin bilduko baita Usurbilgo Udala.
Ordu eta erdiko saioa izango da. Xabier Arregi alkateak eta eremuotaz arduratzen den zinegotziak parte hartuko dute. Hamarna minutuz, udal aurrekontuak errepasatu, hizketagai duten sailaren egoeraren berri eman eta gobernu programaren lanketa azalduko dute udal ordezkariek. Gero, ordubetez hitza hartuko dute herri eragileek. Entzundakoaz iritzia eman, edo epe labur nahiz luzerako proposamen edo ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez.
Bilerak Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan egingo dela, eta ez orain arte bezala Potxoenean edo Sutegin. Oraingoan, udaletxeko ateak zabaldu eta herriko etxera erakarri nahi dituzte herritarrak, “Udala denok osatzen dugulako”.
Datozen bileren egutegia
-Abenduak 9, asteazkena: 19:00etan, Kultura, Euskara eta Gazteria alorretako eragileekin.
-Abenduak 15, asteartea: 13:30etan Merkataritza-ostalaritzako eragileekin.
-Abenduak 16, asteazkena: 19:00etan Garapen sozio-ekonomikoan dihardutenekin.
Bileren tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
2016ko udal aurrekontuak, abenduko plenora
Dagoeneko landu dute lehen zirriborroa eta alderdien ekarpenak biltzen hasia da udal gobernu taldea. Aldaketarik ez bada, datorren urteko udal aurrekontuak, eguberriak tarteko, lehenago deituko duten abenduko osoko bilkurara eramango dituzte, hasieraz onartzeko.