Azken egunotan, tartean Lasarten, izan diren eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute asteazken honetarako, 19:30etan Okendo plazan. Mobilizazioarekin bat egin eta hara joateko deia zabaldu du Matrakak, Usurbilgo Talde Feministak. Gonbita, sare sozialen bidez zabaldu duten mezu honekin egin dute:
"Barakaldon, Donostian, Eibarren eta Lasarte-Orian eraso sexista ezberdinak izan dira egunotan. Matxismoak ez du jaiegunik edo etenik emakumeon aurka, ez. Gu haserre gaude, oso haserre, amorratuta eta nekatuta beste behin ere horrelako berriak entzuteaz. Horregatik erasook salatzeko asteazken honetan, hilaren 9an, 19:30etan Lasarte-Oriako Okendo plazan egingo den elkarretaratzera joateko gonbita luzatzen dizugu. Pankartaren atzetik "nahikoa da" esatetik autodefentsa feministari ekiteko pausua eman behar dugu eta guztion artean lortuko dugu! Eraso sexista gehiagorik ez!".