Dakizuenez, Usurbilgo Kantu Taldea asteartero biltzen da Udarregi Ikastolan, urtean zehar antolatua duen ikastaroaren baitan. Datorren asteko hitzordua ordea, berezia izango da; abenduaren 24an, euskal presoen eskubideen alde ospatuko den Olentzero-jira berezia prestatzeko baliatuko baita hurrengo asteko saioa. Abenduaren 15ekoa alegia. Eguberrietako elkartasun kalejiran parte hartzeko girotzen hasi nahi duenak beraz, horretarako Kantu Taldekoen hurrengo entsegua balia dezake. Entsegua, asteartean (abenduak 15), 18:30-19:30 artean, Udarregi Ikastolan.
Helburua, "herritarren goxotasuna espetxe hotzetara helaraztea"
Abenduaren 24ko Olentzero-jira Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak eta Kantu Taldeak antolaturikoa da. "Gure helburu behinena izaten da senide presoen egoera gogoratzea, baina batez ere, herritarren goxotasuna espetxe hotzetara helaraztea eta Xomorro, Olatz eta Patxi nolabait gurekin batera kalejiran abesten ditugula islatzea", adierazi du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak NOAUA!ra helarazi duen idatzian.
Parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Baserritar jantzia astindu, soinean jantzi eta gurekin batera abestiz eta musikaz une goxo bat pasatzera etortzeko gomita luzatzen dizuegu. Elkartasuna eta aldarrikapena lotuz, beste urratsa egingo baitugu haiek ere gure artean lehenbailehen izateko", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen esanetan.
Olentzero-jira bereziarekin batera, beste zenbait gabon kanta saio ere antolatu dituzte abenduaren 24rako:
Abenduak 24, osteguna
09:00 Aginagan: eliza paretik, gabon kantak abestera etxez etxe, bazkal ordura arte. Antolatzailea: Aginagako parrokia.
17:00 Kaxkoan: Parrokiakoen irteera. Antolatzailea: Parrokia.
17:30 Kaxkoan: Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Olentzero jira, frontoitik abiatuta. Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu, Kantu Taldea.
18:00 Santuenean: Olentzeroren irteera eta kalejira auzo elkartetik. Antolatzailea: Santuenea Auzo Elkartea.
19:00 Kaxkoan: Olentzero taldeen amaiera bateratua frontoian.
Oharra: behin behineko egitaraua. Aldaketak egon daitezke.