Ezohiko batzar orokorra deitu du Udarregi Ikastolako Irakaskuntza Kooperatiba Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak. Bazkideei zuzenduriko hitzordua ostegun honetarako antolatu dute, arratsaldeko 18:00etan (bigarren deialdia 18:30etarako) ikastolako jangela berrian. Kilometroak 2015 ekimenaren emaitzak azalduko dizkiete bilerara gerturatzen diren kooperatibako bazkideei.
Herritarrentzako deialdia, abenduaren 15ean
Kilometroak 2015 Gattunk ekimenaren balorazioa herriarekin ere partekatu nahi dute Udarregi Ikastolak eta Usurbilgo Udalak. Ekitaldi baten bueltan izango da. Abenduaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Saio irekia izango denez, gerturatzeko deia zabaldu dute. “Ekimen honen bueltan aritu den herritar orori luzatu nahi diegu bertaratzeko gonbita”, antolatzaileen esanetan.
Gattunk DVD-a salgai
#Kilometroak15 ekimeneko aurkezpen ikuskizuna, #Gattunk bideoklipa eta Udarregi ikastolaren inguruko dokumentala. Hiru ikusentzunezko horiek bateratu dituzte DVD bakar batean. Interesa duenak, eskura izango du DVDa Lizardin eta Laurok liburu dendetan.