Errigoratik helarazi dizkiguten datuen arabera, 23 saski banatu dira NOAUA!n, 14 Udarregi Ikastolan, 4 Etumeta-AEK euskaltegian, eta beste 28 saski herriko gune desberdinetan. Guztira, aipatu moduan, 69 otar saldu dira Usurbilen.
Euskal Herri mailan 12.000 saskitik gora banatu dituzte. Ekimenak izandako babes itzelari esker, 157.000 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko euskalgintzako hiru proiektu ezberdinetara. "Guztion ahaleginari esker, Lodosa eta Vianako ikastolek bizirauteko ezinbesteko duten laguntza ekonomikoa jasoko dute; Erriberako AEKk ikasleentzako beka-fondoa handitu eta sustapen kanpaina bat gauzatzeko adina izango du eta, gainera, D eredua Nafarroa osora hedatzea xede duten dinamikak diruz laguntzeko ere emango du ekarpenak", antolatzaileen esanetan.
Ekoizle kopurua hazten
Nafarroa hegoaldeko euskalgintza soilik ez, tokiko produktuen ekoizpen eta salmenta ere sustatu baitira kanpaina honekin. "Atera kontuak: kanpaina honen lehenengo edizioa bi ekoizlerekin hasi genuen; herritarren erantzunari esker, ordea, oraingoan 15 izan dira euren produktuak eskaini dizkigutenak. Atera kontuak: 15 ekoizle ez dira 15 lagun, hauen atzean ehunka nekazari eta langile dago eta. Kontuek horrela jarraituz gero, gero eta ekoizle gehiago bilduko ditugu ekimenera. Horixe da gure asmoa", Errigorakoek diotenez.
"Zorionak eta eskerrik asko"
Emaitzokin, pozik dira elkartasun kanpainako antolatzaileak. Zorion eta esker hitzak baino ez dituzte ekimenean parte hartu duten guztientzat. "Zorionak eta eskerrik asko, beste behin ere, hartu eta emanez, gozamena eta elkartasuna parekatuz, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatzeagatik. Zorionak eta eskerrik asko ekintza txikiekin helburu handiak lor daitezkeela erakusteagatik. Itzela izan da!", adierazi dute.
Kanpaina honetan sustatu den auzolanaren garrantzia nabarmendu nahi dute, elkarlanean jardun duten Zazpiak Bat, Sortzen, AEK, Ikastolen Elkartea eta Errigora bilguneek: "Hau guztia, baina, auzolanari esker baino ez da posible. Ehunka herritan milaka lagunek egindako borondatezko lanari esker".