Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak eguberrietako oporraldirako antolatu dituen txokoetan izen emateko epea ixtear da. Ostiral hau, abenduaren 11 baino lehen apuntatu beharra dago, aginaga@eskolatxikiak.org helbidera idatzita. Prezioa, izen emandako haur kopuruaren arabera zehaztuko da.
Txokoen egutegia finkatua dute; abenduaren 21, 22, 23, 28, 29 eta 30ean izango dira, baita urtarrilaren 4an eta 5ean ere. Goizez eta lau orduz, 09:00etatik 13:00etara.
Gabonetako kalejira
Eguberriei begira, bada nabarmentzeko beste hitzordurik Aginagan. Ohi bezala, gabon kantak abestera irtengo dira aginagarrak etxez etxe eta goizean goiz, abenduaren 24an. 09:00etarako jarri dute abiatzeko hitzordua elizatik. Handik, Aginagako landa eremua zeharkatuko dute goiz partean, eta Intxaurreta ingurutik Aginaga erdigunera itzuliko dira bazkalordurako. Antolatzaileek, baserritar jantziak soinean, eguberri bezperarako deitu diren hitzorduetan goiztiarrena izango den kalejira honetan parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.