Patriarkatuaren inguruko kafe-tertulia emakumeentzat

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 11a, 10:08

Patriarkatua izango dute hizpide Matrakak Usurbilgo Talde Feministak, emakumeentzat antolaturiko saio berri honek. Kafe tertulia, larunbaterako, abenduaren 12rako antolatu dute, goizeko 11:00etatik aurrera Potxoenean. Emakumeak hitzorduan parte hartzera animatzen dituzte. "Kaixo! Zer larunbat goizerako eguraldiak planak petraldu dizkin? Lasai, hementxe dun plan ederra, bikaina, ezinhobea... Begira, 11:00etan Potxoenean bilduko gaitun, infusio, kafe, pasta eta fruta pixka bat jan eta edateko aitzakiarekin patriarkatuaren inguruan hitz egingo diñagu edo alderantziz, horren aitzakian bapo jan eta edan! Zer? Oraindik zalantzan? Larunbat arte!".

Ahotan hartuko duten gaia, aipatu moduan, patriarkatua. “Patriarkatuaren ardatz nagusietako bat, eta beraz, emakumeen esplotazio eta menderakuntzarena, lanaren banaketa sexuala eta eremu publiko eta pribatuaren arteko banaketa dela identifikatzen da. Teoria feministaren esparruan maneiatzen diren hainbat termino agertzen dira. Terminook emakumeen aurkako indarkeria, diskriminazioa eta berdintasun eza izendatzeko baliatzen dira (sexismoa, patriarkatua, androzentrismoa…)”.