Larunbatean, 11:00-13:00 artean frontoian ospatuko den Jostailu Erabilien Azokarako mahaia truke eta berrerabilerarako materialez hornitzen hasiak dira Hitz Aho, Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteko kideak. Ikusi ostegun iluntzean ateratako ondoko irudiok. Lehen bilketa eguna emankorra izan zen. Ostiral honetan, 17:00etatik 19:00etara Sutegiko erakustaretoan, etxean dituzuen jostailu, DVD eta antzekoak larunbateko azokarako uzteko bigarren eta azken eguna duzue.
Bilketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. "Zuen laguntza eskatzera gatoz. Zuen etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzuen jostailu, ipuin, liburu, DVD eta antzekoak badituzue, orain duzue guzti horiei erabilpen berria emateko aukera", ohartarazi dute Hitz Ahotik.
Urtero moduan, gogoan izan, ekimen honetan parte hartzeko baldintza hauek bete behar dira:
-Jostailuek osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azoka egunean jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek, arduradun batekin parte hartu beharko dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute.