Andatza M.K.T.-ko kideek herritarren laguntzarekin antolatu nahi dituzte urte berriko txangoak. “2016ko mendi irteeren egitaraua prestatzen hasi behar dugu eta ibilbideak proposatzea eskertuko genuke. Buruan duzun mendi irteera hori aurkeztu ezazu ahal den xehetasun eta ezaugarriekin; krokisa edo mapa, ibilbidearen luzera, abiapuntua, amaiera tokia eta igarotzen diren lepo edo gailurrak, oso datu interesgarriak dira ibilaldia aurkezterakoan”, ohartarazi dute Andatzakoek.
Irteeraren bat proposatu nahi duenak, ekarpena egiteko hiru bide ditu: andatza@hotmail.com helbidera idatzita, proposamena Andatzakoen egoitzako postontzian utzita edota ostegun arratsaldeko 19:00etan, udaletxe ondoko garai bateko DYAko egoitzara gerturatuta. Astero bertan eta ordu horretan biltzen baitira mendizale taldekoak.
Federatua izatea ezinbestekoa, irteeretan parte hartzeko
Berriki ospaturiko Mendi Astean aukera eskaini bazuten ere, datorren urterako federatu txartelak berritu ez dituztenek, tramitazioa urte amaiera baino lehen egitea aholkatzen du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak. Gogoan izan, Andatza M.K.T.-k urtean zehar antolaturiko txangoetan parte hartzeko beti ohartarazten duen moduan, “derrigorrezkoa da mendiko federatua izatea eta aseguru txartela indarrean edukitzea”. Txangoez gain, abantaila gehiago eskaintzen ditu federatua egoteak. Informazio gehiago eta tramitazioari buruzko argibide guztiak, andatzamendizale.info atarian aurki ditzakezue. Edo taldekoei helbide honetara idatzita: andatza@hotmail.com .
Taldeari buruzko informazio gehiago: andatzamendizale.info