Idoia Torregarai: “Etxetik jaso dut umorea”

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 14a, 10:23

Idoiari etxetik bertatik datorkio umorerako joera. Bihar Potxoenean eskainiko duen saioan, txikitatik bizitakoa izango du abiapuntu. Baina pentsarazteko gako batzuk ere eskainiko dizkigu. “Gai honetan hausnarketa egiten duten hainbat ahots izango ditugu bidelagun”. Uxue Alberdi, Uxoa Anduaga, Kike Amonarriz edota Onintza Enbeitaren bideoekin osatuko dute datorren astearteko solasaldia.

 

NOAUA! “Betaurreko (u)moreak: emakumeak barrean ahalduntzen”. Hausnarketatik ere izango du hitzaldiak, ezta?

Idoia Torregarai. Feminismoaz eta ahalduntzeaz hausnarketa handia ematen ari da, eta pertsona asko dago horren inguruan lan ikaragarria egiten, Udaleko Parekidetasun Saila eta Matrakak taldea adibidez. Oso beharrezkoa iruditzen zait lanketa hau.

Solasaldi honetan, txikitatik bizitakoa dut abiapuntu, eta gai honetan hausnarketa egiten duten hainbat ahots izango ditugu bidelagun, bideoen bidez.

Horretan oinarrituko naiz batez ere. Baina umorean ere, beti sentitu izan dut emakumeak –eta nik emakume bezala– koxka bat gehiago gainditu behar duela. Besteak beste, zergatik ez daude erreferentziazko emakume gehiago? Antzerkigintzan egon da erreferentziarik, bertsotan ere, baina arlo horietan ere oso gutxi zeuden.

 

Erreferentzia falta sumatzen duzu umoreaz jarduteko garaian?

Umorea kontzienteago egiten hasi, eta konturatzen zara erreferentzialtasun hori batez ere gizonezkoena dela. Emakumearena falta dela. Umore hori konpartitzeko garaian ere, bigarren mailakoa dela emakumeak egiten duena.

 

Zuk ordea umoretsu fama duzu.

Eta betidanik erabili dut umorea estrategia bezala nire bizitzan. Etxetik jaso dut eta funtzionatu izan dit. Uste dut aportatu egin didala, eta aportatu egin dudala. Baina duela hiru urte ‘Barretartia’ sortu nuenetik, umorea lantzeko behar bat sentitzen dut.

 

Monologo bat, solasaldi bat, hitzaldi bat... Nola definituko zenuke abenduaren 15eko saioa?

Koktel bat da. Nagore Uriartek puntuak ipiniko ditu eta ni saiatuko naiz puntu horiei erantzuten. Gaia interesatzen zaidan aldetik, gai honi loturiko erreferentziak egongo dira bideo proiekzio ezberdinen bitartez. Pozik egongo nintzateke jendeak bi irakurketa hauek egingo balitu:

- Zein garrantzitsua den umorea. Ez dela denborapasa inuzente bat. Funtzio inportante asko ditu, kritika, errepresentazioa, ondo pasatzekoa, ondo pasatzekoa da baina zapaltzaile ere izan daiteke... Jendea horretaz konturatzea nahiko nuke.

- Eremu horretan ere, emakumeak ahaldundu egin behar garela. Ez taula gainean bakarrik, baita egunerokotasunean. Umorea etxean dago, koadrilan, kalean... Betaurreko horiek jantzita, jendea konturatzea zer nolako umorea egiten dugun.

Whatsapp bidez jasotzen ditugun irudi asko eta asko oso matxistak dira, adibidez. Horretaz konturatzea eta horri buelta ematea, emakumea plaza horiek ere bereganatzen joan dadin. Taula gainekoa zein egunerokoa. Inportantea da, zeren erreferentzia guztiak oso maskulinoak baitira.

 

“Denok egin dezakegu umorea”

‘Barretartia’ bloga, Euskadi Irratian kolaboratzen duzu... Erreferentzia bihurtzen ari zara.

Ni ezagutzen nauen edonork badaki nire ezaugarrietako bat umorea dela. Duela hiruzpalau urte gorputzak eskatzen zidan umoreari buruz zerbait egitea, euskaraz, noski. ‘Barretartia’ bloga izan da hazia, eta oso harro nago. Hor biltzen ditut nire gauzak, eta ekarpenak egin ditzakeen ororenak. Denok egin dezakegu umorea, beti pentsatu izan dut hori, eta horregatik proiektu ireki gisa ulertu dut beti blogarena. Eta horri tiraka etorri dira Hamaika Telebistako elkarrizketak, hitzaldiak, formazioak, irratikoa... Pila bat betetzen nau.

 

“Betaurreko (u)moreak: emakumeak barrean ahalduntzen”

Abenduak 15 asteartea. 18:30ean, Potxoenean.

Hizlariak: Idoia Torregarai eta Nagore Uriarte.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

 

Idoia Torregarairen argazkia: Ion Markel Saez de Urabain

Nagore Uriarteren argazkia: klitto.com