Usurbilgo artistak, zabaldu berri duten "Bi Txoriburu" erakusketan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 13:50

Astelehenaz geroztik bisitatzeko aukera duzue, artearen inguruan Zorione Mendez herritarrak Sutegin zabaldu berri duen erakusketa. Ekainean bertako arropa diseinatzaileen inguruan antolaturikoaren segida. Oraingoan, arte diziplina ezberdinetako egileen lan bilduma ezagutu eta erosteko ere aukera izango duzue. Antolatzaileen esanetan, urte garai honetan, gabonetarako opariak egiteko aukera ederra beraz kultur etxeko aretora gerturatuta.

Jada irekia egon arren, ostiralean 19:00etan inauguratuko duten erakusketan lanak ikusgai jarri dituzten artisten artean, 3 usurbildar nabarmendu nahi genituzke. “Kalekumeak Edinburgotik Kubara”: Peru Galbete, Ion Markel Saez de Urabain, eta Ibai Arrietaren begiradapean egindako hiru lan plazaratuko dira. Lan dokumentalean oinarritzen diren kontakizun hauek, argazki proiektu zein laburmetrai formatua dituzte euskarri. Egindako lanak ikusteaz gain, garatze prozesua eta ikuslearen interesa sor dezaketen hainbat xehetasun azalduko dira”, antolatzaileen esanetan.

Hiru artisten lanak ezagutu nahi badituzue, ostegunean 18:30etan aurkeztuko dituzte Sutegiko erakustaretoan.

Kuba, Ibai Arrietaren ikuspuntutik

2010ean Kubara egindako bidaiatik argazki bilduma dakar Sutegira. “Multimedia proiekzio labur bat, bertan hartutako irudiak eta soinuak nahastuko direnak”, Arrietaren esanetan. Argazkien nondik norakoak eta prestatu duen aldizkaria aurkeztuko ditu.

“Urte guztiotako blokeoa eta iraultza bizi izan duen jendearen bilaketa baten inguruko lan bat da. Bidaia hartan jasotako sentsazioen inguruko ikuspegi erabat subjektiboko lana. Blokeoa bizi izan duen 50 urteotako belaunaldian, jende helduarengan fijatu naiz bereziki. Hasiera batean eman lezake oso gaizki daudela, baina gero, jendea oso duin bizi dela deskubritzen duzu. Pobre ondasun aldetik, baina aberats beste balore ez ekonomikoen aldetik”, Arrietak azaldu digunez.

Ion Markelen “Kalekumeak”

Argazki kamera ezberdinekin ateratako bilduma aurkeztuko digu Ion Markelek. “Azken urteetan egindako lan guztia, kaleko argazkiak”, Saez de Urabainen esanetan. Lehenago egindako “Kalekumeak” erakusketatik hartutako bilduma ikusgai jarriko du. “Hitzaldian aurkeztuko dugu nola egiten den lana, nola ateratzen diren argazkiak, prozesu hori”, zehaztu du.

Eskoziar bat euskaraz abesten, Peru Galbeteren dokumentalean

Urte eta erdiz Edinburgon bizi izan zen Peru Galbete usurbildarrak bertan grabaturiko dokumentala aurkeztuko du. Bizimodua tabernetan abestuz aurrera ateratzen zuen lagun bat du ikus-entzunezko lanak, protagonista; Alan Hunter. Hunterrek badu berezitasun bat; euskal kantak abesten ditu.

Edinburgon zela izan zuen bere berri Peruk. “Niretzat oso interesgarria izan zen hori eta erabaki nuen bere bila joan eta ezagutzea. Dokumental txiki bat egitea erabaki nuen. Dokumental honetan berari eta euskararekin duen lotura azaltzen da”, adierazi digu Galbetek.

Erakusketa, bi astez

Abenduan 14tik 27ra Sutegin. Astelehenetik igandera irekita:

-Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00.

-Larunbat eta igandeetan: 11:00-13:00 eta 17:00-­20:00.

Deialdi bereziak:

-Abenduak 17, osteguna: 18:30 Hiru sortzaile usurbildarren lan aurkezpena.

-Abenduak 18, ostirala: 19:00 Inaugurazioa.

Antolatzailea: Zorionez Mendez.