Olentzero-jira prestatzeko entsegua, 18:30etan Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 08:00

Dakizuenez, Usurbilgo Kantu Taldea asteartero biltzen da Udarregi Ikastolan, urtean zehar antolatua duen ikastaroaren baitan. Gaurko hitzordua ordea, berezia izango da; abenduaren 24an, euskal presoen eskubideen alde ospatuko den Olentzero-jira berezia prestatzeko baliatuko baita astearte honetako, abenduaren 15eko saioa alegia. Eguberrietako elkartasun kalejiran parte hartzeko girotzen hasi nahi duenak beraz, horretarako Kantu Taldekoen hurrengo entsegua balia dezake. Entsegua, asteartean (abenduak 15), 18:30-19:30 artean, Udarregi Ikastolan.

Helburua, "herritarren goxotasuna espetxe hotzetara helaraztea"

Abenduaren 24ko Olentzero-jira Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak eta Kantu Taldeak antolaturikoa da. "Gure helburu behinena izaten da senide presoen egoera gogoratzea, baina batez ere, herritarren goxotasuna espetxe hotzetara helaraztea eta Xomorro, Olatz eta Patxi nolabait gurekin batera kalejiran abesten ditugula islatzea", adierazi du Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak NOAUA!ra helarazi duen idatzian.

Parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Baserritar jantzia astindu, soinean jantzi eta gurekin batera abestiz eta musikaz une goxo bat pasatzera etortzeko gomita luzatzen dizuegu. Elkartasuna eta aldarrikapena lotuz, beste urratsa egingo baitugu haiek ere gure artean lehenbailehen izateko", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen esanetan.

Entseguak baita, Zubietan

Olentzero-jira bereziarekin batera, beste zenbait gabon kanta saio ere antolatu dituzte abenduaren 24rako. Tartean Zubietan. Bertako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak, entsegu saio bana deitu du, abenduaren 22 eta 23rako, 19:00etan Kaxkapen.

Abenduak 24, osteguna: gabonetako kantu saioak

09:00 Aginagan: eliza paretik, gabon kantak abestera etxez etxe, bazkal ordura arte. Antolatzailea: Aginagako parrokia.

16:00 Zubietan: irteera Artzabaleta baserritik. Antolatzailea: Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.

17:00 Kaxkoan: Parrokiakoen irteera. Antolatzailea: Parrokia.

17:30 Kaxkoan: Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Olentzero jira, frontoitik abiatuta. Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu, Kantu Taldea.

18:00 Santuenean: Olentzeroren irteera eta kalejira auzo elkartetik. Antolatzailea: Santuenea Auzo Elkartea.

19:00 Kaxkoan: Olentzero taldeen amaiera bateratua frontoian.