Merkataritza-ostalaritzako eragileekin bilduko da gaur Udala

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 07:17

Datorren urterako udal aurrekontuak eta legegintzaldi osorako Gobernu Programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko Usurbilgo Udala eragileekin egiten ari den bilera erronda azken txanpan da jada. Azken aurreko bilera astearte honetan izango da, udalbatza aretoan, 13:30etan merkataritza eta ostalaritza alorreko eragileekin. Azkena, asteazkenean Garapen sozio-ekonomikoan dihardutenekin.

Ordu eta erdiko saioak izango dira. Xabier Arregi alkateak eta eremuotaz arduratzen den zinegotziak parte hartuko dute. Hamarna minutuz, udal aurrekontuak errepasatu, hizketagai duten sailaren egoeraren berri eman eta gobernu programaren lanketa azalduko dute udal ordezkariek. Gero, ordubetez hitza hartuko dute herri eragileek. Entzundakoaz iritzia eman, edo epe labur nahiz luzerako proposamen edo ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez.

Bilerak Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan egingo dira, eta ez orain arte bezala Potxoenean edo Sutegin. Oraingoan, udaletxeko ateak zabaldu eta herriko etxera erakarri nahi dituzte herritarrak, “Udala denok osatzen dugulako”.

Datozen bileren egutegia

-Abenduak 15, asteartea: 13:30etan Merkataritza-ostalaritzako eragileekin.

-Abenduak 16, asteazkena: 19:00etan Garapen sozio-ekonomikoan dihardutenekin.

Bileren tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

2016ko udal aurrekontuak, abenduko plenora

Dagoeneko landu dute lehen zirriborroa eta alderdien ekarpenak biltzen hasia da udal gobernu taldea. Aldaketarik ez bada, datorren urteko udal aurrekontuak, eguberriak tarteko, lehenago deituko duten abenduko osoko bilkurara eramango dituzte, hasieraz onartzeko.