Txerrikiak, igandeko Santo Tomas Azokan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 17:59

Txerrizaleok, bere txerriak aire librean hazten dituzten euskal baserritarren elkarteak jarriko duen postua izango dugu, igandeko Santo Tomas Azokako berrikuntzetako bat. Modu konbentzional nahiz ekologikoan prestaturiko txerrikiak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango dugu abenduaren 20an. Txerri itxurako puzgarri bat ere ekarriko dute.

Honez gain, Txerrizaleok elkartea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Aurrerantzean lotura estua izango baitu Aginagarekin. Elkarteak Aginagan kokatu baitu, Euskal Herriko txerri haztegi handiena. Azken ukituak ematen ari dira, proiektu handi honi.

“Hamar partzelatan banatu dugu lursail osoa. Adin desberdinetako txerriak ditugu. Txerriak aire librean gizentzen ditugu, baditugu pottoka batzuk, ahuntzak... Dena kanpoan hazitakoa. Jendeari erakutsi nahi diogu bertan, txerriak nola gizentzen ditugun”, elkarteko kide Josu Garaialderen esanetan.

Bisita gidatuak

Udaberritik aurrera, hilean behin gutxienez bisita gidatuak antolatu asmo dituzte; ingurua ezagutu, elkartearen funtzionamendua azaldu eta baserriko txerria aire librean nola hazten den ezagutzeko aukera emango dute. Proiekzioetarako gune bat ere egokituko dute.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan sakabanatuak dauden 34 baserrik osatzen dute, Txerrizaleok sarea. Elkarteko kide diren baserritarrek, mendietan txerriak aske hazten dituzte. Helburuok bete nahian sortu zuten bilgunea:

-Kalitate goreneko txerri haragia eta txerrikiak ekoiztea.

-Animalien ongizatea bermatu nahi dute.

-Baserritarrei etekin ekonomiko bat bermatu nahi diete.

-Erabilpen eskasa daukaten lurrei erabilpen errentagarri bat eman nahi diete.

-Langilego prestatu eta motibatua mantendu nahi dute.

Informazio gehiago: txerrizaleok.com

Santo Tomas Azokako egitaraua eta postuen berri, hemen: Santo Tomas Azoka 2015