5 urterako hitzarmena sinatu dute Usurbilgo Udalak eta Etumeta-AEK euskaltegiak

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 17:54

Usurbilgo Udalak eta Etumeta-AEK euskaltegiak 5 urterako hitzarmena sinatu dute astearte honetan. Azken 10 urterako sinatua zutena ordezkatuko du.

Gaurko sinatze ekitaldia, azaroaren 24ko osoko ohiko bilkuran udalbatzak aipatu hitzarmena aho batez onartu ostean dator. Elkarlanerako dokumentu berri honekin, bi helburu nagusi bete nahi dituzte; "Euskaraz Kooperatibaren (AEK) aldetik, Usurbilgo udalerrian, eta bereziki, Usurbilgo biztanleriaren artean, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatze-lanen eskaintza sustatzea".

Eta Usurbilgo Udalaren aldetik, "Euskaraz Kooperatiba Elkartearekin (AEK) dirulaguntza-erregimena, bestelako zerbitzuak (Mintzalaguna, autoikaskuntza eta euskara azterketak egitea) eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea".

Badaezpada, prekario hitzak zalantzak sor ez ditzan, Xabier Arregi alkateak osoko bilkura berean argitu nahi izan zuenez, prekario hitzak ez dio erreferentzia egiten lokalaren egoerari edo baldintzei. Etorkizunean Udala AEK-ri utzitako lokala hartzera behartua egongo balitz, egoitza Udalaren esku geratuko dela adierazi nahi du. Alkateak argitu nahi izan zuen beste kontua; Udalak AEK-ri emango dion laguntza, HABEk emandakoari osatzen zaion laguntza dela.