Sari potoloak, Hurbilagoren Gabonetako Zozketan

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 15a, 13:48

Hurbilago Elkarteko saltokietan erosketak egitearen truke sari potoloak irabazteko aukera duzue aurten ere; bizikleta eta telebista eder askoa tartean. Sutegiko erakustaretoan dituzue ikusgai. Abenduaren 31n 17:00etatik aurrera, herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko ospatuko den Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa amaieran zozketatuko dira sariok. Zozketan parte hartzeko gerturatu Hurbilago Elkarteko saltokietara, erosketak egin, trukean jasoko duzuen txartela datu pertsonalekin bete eta eskura izango duzen kaxan utzi. Zorte on!

Hurbilago San Silvestre probarako izen ematea

Hurbilago.com atarian eta Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduetan apuntatu ahalko zarete, abenduaren 31rako antolatu duten probarako. Tokiko merkataritza sustatzearen aldeko ekimenaren seigarren edizioa, Urte Zahar Egunez, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik.

Herritar Txartel berriaren diseinua hautatzeko bozketa, larunbatera arte

Erosketak egin eta hainbat udal zerbitzuetan identifikatzeko 2016an eskuartean izango dugun Herritar Txartel berriaren irudia hautatzeko lehia azken txanpan da. Txartelaren bi aldeek izango duten itxura erabakitzeko, 3 diseinu lanen artean hautatu behar duzue. Sutegin dituzue ikusgai. Bozka gehien jasotzen dituena izango da hautatua. Bozkatzeko eskuorria, Hurbilago Elkarteko saltokietan lortu dezakezue.

Tipi-Taparen zozketa

Igandeko ganbadun pintxo festa amaieran, Artzabalen egin zuten Tipi-Tapako zenbaki sarituak dituzue honako hauek:

1.saria (150 euroko erosketa balea): 4.566.

2.saria (2 lagunentzako afaria Artzabalen): 6.168.

Sarituak izan direnak Artzabalera ager daitezela. Hurrengo Tipi-Tapa, urtarrilaren 10ean. Tipi-Tapa txarteleko zigilu guztiak eskuratu ez bazenituzten igandean, urtarrileko hitzordurako gorde.