Garapen sozioekonomikoan dihardutenekin amaituko da gaur, Udala eta eragileen arteko bilera erronda

Noaua Aldizkaria 2015ko abe. 16a, 10:53

Garapen sozio-ekonomikoan diharduten eragileekin bilduko da Usurbilgo Udala asteazken iluntze honetan udaletxean, 19:00etan. 2016ko udal aurrekontuak eta Gobernu Programa aurkeztu eta ekarpenak biltzeko Udalak asteotan eragileekin eginiko bilera errondako azken saioa izango da.

Ordu eta erdiko saioa izango da. Xabier Arregi alkateak eta eremuotaz arduratzen den zinegotziak parte hartuko dute. Hamarna minutuz, udal aurrekontuak errepasatu, hizketagai duten sailaren egoeraren berri eman eta gobernu programaren lanketa azalduko dute udal ordezkariek. Gero, ordubetez hitza hartuko dute herri eragileek. Entzundakoaz iritzia eman, edo epe labur nahiz luzerako proposamen edo ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Denon arteko elkarlanean jarraitzeko, Udal jarduna herritarrekin batera egin dadin eta gardentasunez aritu gaitezen, bileretan parte hartzeko gonbita luzatzen du Usurbilgo Udalak”, prentsa ohar bidez adierazi dutenez.

Bilera Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan egingo da, eta ez orain arte bezala Potxoenean edo Sutegin. Oraingoan, udaletxeko ateak zabaldu eta herriko etxera erakarri nahi dituzte herritarrak, “Udala denok osatzen dugulako”.

2016ko udal aurrekontuak, abenduko plenora

Aldaketarik ez bada, datorren urteko udal aurrekontuak, eguberriak tarteko, lehenago deituko duten abenduko osoko bilkurara eramango dituzte, hasieraz onartzeko. Abenduaren 23an, 18:00etarako deituko duten ezohiko osoko bilkurara hain zuzen.